Berrizko Udalak Irakurzale Kluba eta Kontulekuak egitasmoak jarriko ditu martxan datozen hilabeteetan, herritarren artean irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin. Iragarritako ekitaldietan, Amaia Egidazuk eta Amets Arzallusek parte hartuko dute.
Haurren irakurketa sustatzeko helburua duen Kontulekuak ekimena urriaren 26an, azaroaren 9an eta azaroaren 30ean burutuko da, Amaia Egidazu idazle eta ilustratzaile durangarraren eskutik. Bertan, 3-5 eta 6-8 urte bitarteko haurrek, literaturaz eta kontakizunez gozatzeko eta irakurtzeko ohiturak sustatuko dira. Saioek 45 minutuko iraupena izango dute eta txikiek heldu batek lagunduta joan beharko dute.
Plazak mugatuak dira baina aldez aurretik izena eman behar da liburutegi@berriz.eus helbidean.
Amets Arzallus
Irakurzale Klubak berriz, irakurzaletasuna duten herritarrak bilduko ditu hilean behin, urriaren 19an hasi eta 2023ko maiatzaren 17ra arte. Berrizko Kultur Etxean, 18:15etik 19:45era euskal literaturari buruzko iritziak partekatzeko aukera egongo da.
Ekimen horren bigarren saioan, azaroaren 23an, solasaldi berezia izango da Amets Arzallusekin, bertsolari eta idazleak argitaratutako ‘Miñan’ liburua mintzagai izango baita.
Irakurketa klubean parte hartzeko euskara@berriz.eus helbidera idatzi behar da.