Laumunarrieta 1937 Elkarteak eta Elorrioko Udalaren ‘Gerra eta errepresioa Elorrion 1936-1945’ liburua argitaratu dute, bertan Mikel Diego Barajas historialari eta ikerlariak eskuratutako bekaren emaitza agertzen dela. Liburua egun gutxi barru Turismo Bulegoan salgai jarriko dute.
Euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu berri den argitalpenak “sufrimenduak markatutako garai baten egia ezagutarazteko eta erreparazioan eta justizian sakontzeko” helburuak nabarmentzen ditu. Lanean agertzen diren argazki eta dokumentu galeria zabalak ezinbesteko erreferentzia dira Gerra Zibileko eta frankismoaren lehenengo urteetako Elorrioko eta Euskal Herri osoko historia ezagutzeko.
Mikel Diegok egindako lana “dokumentuen eta lekukotzen esplorazioan eta informazioaren kontsultan oinarritutako ikerketa lan sakona da” liburuaren aurkezpenean adierazi zutenez. Gainera, “gerra bidegabe baten ondorioak jasan eta bizi izan zituzten Elorrioko herritarrei gutxieneko aintzatespena egiteko aukera emango digu”, Idoia Buruaga alkateren esanetan.
Liburuko testua Mikel Diegoren ikerketa bekaren emaitza da eta bertan “orain arte isilduta eta ahaztuta egon den guztia jasotzen du; gure etxeetan lurperatuta egon den eta gure adinekoek isildu duten guztia”, Maria Herrero alkateordeak azpimarratu zuenez. 30 testigantza biltzeaz gain giza eskubideak urratu izan zituzten 300 elorriarren zerrenda azaltzen da. “Lan hau giza eskubideak urratu zitzaizkien pertsona guztiei zor diegu”, egilearen arabera.