Elorrioko Ferixa Nausikoei hasiera emango dien pregoia eta txupinazoa bihar izango badira ere, ohikoa denez, gaur hasiko dira jaietarako antolatutako ekitaldiak.
Irailaren 10era bitartean burutuko diren ospakizunetan, abere, nekazal eta artisau azoka, musika saioak, haurrei, gazteei eta nagusiei zuzendutako ekitaldiak, edo sukalki eguna nabarmenduko dira, besteak beste.
Jaietako lehen asteburuko aurrerakin gisa, Gaztetxeak antolatutako Gazte eguna ospatuko da gaur, bazkariarekin, bazkalosteko Miseriaren Adarrak saioarekin eta gauerditik aurrera Etxeko Djek eskainiko duten saioarekin.
Arratsaldeko 18:00etan, bestalde, indarkeria matxistari buruzko informazio gunea irekiko da eta bi ordu geroago txosnagunea zabalduko dute. Azken gune horretan musika estilo ezberdinak entzuteko aukera egongo da 22:00etatik aurrera, Arrasateko Iskanbila taldeak punk doinuak eskainiko baititu eta Skabidean taldeko iruindarrek ska eta reggae erritmoak gerturatuko dituzte. Gauerdian, Dj Javi P3zen saioa egongo da Arriolako Ateneoan.