
Mañariko plazaren itxuraldaketa Udalak bultzatutako aurrekontu parte-hartzailearen ondorioa da eta ekimen horretarako bideratuko dira 2016ko aurrekontuetan aurreikusitako 25.000 euroak. “15.000 euroko diru kopurua zertarako bideratuko zen herritar guztien artean erabakitzeko konpromisoa hartu genuen eta beste 10.000 euroak umeek erabakiko zutela zertan erabili”, Endika Jaio alkatearen esanetan.
Umeek tirolina bat eta eskalada-murru bat egiteaz gain, urtean zehar eurentzako antolatutako tailerretarako eta antzerako ekintzetarako 4.000 euro bideratzea eskatu zuten. Pertsona heldu batek berriz, aurreikusitako 15.000 euroekin “kioskoa umeen jolasgunean sartzeko proposamena egin zuen”, Jaioren esanetan. Urtero sortzen zen horrelako proposamen bat aurrekontuak egiterakoan baina behin eta berriro atzeratzen zen.
Umeek egindako eskariei erantzunez, tirolina eta eskalada-murrua egiteaz gain, armiarma sarea, txirristak, soketatik igotzeko gunea eta bestelako jolasak izango ditu eremuaren ardatza izango den ‘itsasontzi pirata’k. Kioskoari hedapen bat egingo diote eta gainaldean harmailak jarriko dira tamaina txikiko agerraldiak egiteko.
Proiektua eta homologazioa
Gaur egungo kioskoa itxuraldatzea aurten bertan egiteko konpromisoa hartu du Udalak. Horretarako, eskakizuna egin zuen gurasoak egindako maketa eta planoak izanda ere “beharrezkoa da proiektu teknikoa egitea. Gainera, bertan ipiniko ditugun instalazioak homologatu beharko genituzke”, alkateak adierazi duenez.
Jolasgunearen proiektua eremu zabalago baten barruan gauzatuko du Udalak. Egitasmo osoak umeen psikomotrizitatea lantzen lagunduko du eta horretarako “etxolak, oreka ariketak egiteko egurrezko jolasak eta, ura, lurra eta naturaren beste elementu batzuetan oinarritutako jokoak” jarriko dira. Hala ere, “legearen arabera, ezin dugu elementu finkorik jarri errekatik bost metrora”, Jaiok azpimarratu duenez.