Itziar Ituño eta Ramon Agirre antzezleek hilaren 14an eszenaratuko duten ‘Hobe ixilik!’ ikuskizunarekin abiatuko da Berrizko kultur etxeak 2023ko lehen lauhilekorako prestatutako programazioa. Egitarauan, heldu eta gaztetxoentzako antzezlanak, musika saioak eta pelikula emanaldiak tartekatuko dira.
Aritza Rodriguez antzezle zaldibartarra izango da bigarren agerraldiko protagonista, urtarrilaren 21ean eskainiko den ‘Mierda de ciudad’ ikuskizuneko taldekidea izango baita, Olatz Gorrotxategi, Marta Álvarez del Valle eta Joseba B. Lenoir musikariarekin batera.
Urtarrilean eskainiko den zuzeneko programazioa urtarrilaren 27an Mar Mar Teatrok eszenaratuko duen ‘Arrainak bihotzean’ ikuskizun familiarrarekin eta hurrengo egunean Eva McBel musikariak eskainiko duen kontzertuarekin osatuko da.
Zine programazioa berriz, ‘Todos lo hacen’, ‘El gato con botas’ ‘Inspector Sun’ eta ‘El peor vecino del mundo’ filmekin osatuko da, eta Ipuin-txokoan urtarrilaren 21ean izango den May Gorostiagak ‘Mundu misteriotsua’ eskainiko du.
Otsailetik apirilera arte eskainiko diren ikuskizunen artean, Axut! & Artedrama konpainiak sortu eta, besteak beste, Ander Lipusek antzezten duen ‘Hondamendia’ ikuskizuna (otsailak 4); Dube musika talde berriztarra (otsailak 24); Neomak (martxoak 11); Mocker’s durangarrak (apirilak 20) edo Gorkada konpainiaren ‘Kelonia eta itsasoa’ antzezlan berria iragartzen dira.