
Iurretako Udalak 25.000 euroko atala esleitu du azken urtebetean herriko etxebizitzetan egindako hobekuntza lanak diruz laguntzeko. Diru kopuru hori udalerrian fatxadak eta estalkiak birgaitzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta bizitegi kolektiboko erabilerako eraikinetan igogailuak jartzeko bideratuko da.
Diruz lagunduko diren eskariak, 2016ko urriaren 1etik 2017ko irailaren 30era bitartean obra-lizentzia lortu zituzten hobekuntza obrak izango dira. Gainera, dagokien udal ordenantzan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.
Deialdiaren oinarriak Iurretako Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (Bidebarrieta, 5) lortu daitezke eta leku berean aurkeztu behar dira eskabideak, urriaren 27ra bitartean.
2009tik indarrean dagoen ‘Fatxadak eta estalkiak birgaitzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta bizitegi kolektiboko erabilerako eraikinetan igogailua jartzeko diru-laguntzak emateko’ udal ordenantzaren bidez, ia 220.000 euro banatu ditu Udalak 29 jabekideen erkidegoen artean.
Emandako diru-laguntza horietatik hamaika igogailuak jartzeko bideratu dira, bederatzi aurrealdea birgaitzeko, lau teilatua konpontzeko, bi irisgarritasuna hobetzeko eta beste hiru aurrealdea eta teilatua birgaitzeko.
Iaz bi eskakizun izan ziren diruz lagundutakoak. Zubiaurreko aurrealdea birgaitzeko lanak ia 8.000 euro jaso zituzten eta Uralde kalean igogailua jartzea ia 16.000 eurorekin lagundu zuten.