Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak Udal idazkaria bere kargutik kentzeko asmoa salatu du EH Bilduk. Erabaki hori hartzeko bi arrazoi eman omen ditu alkateak; alde baterik, “langile batzuen artean sortu diren gora behera batzuk”, eta bestetik, “erronka berriei aurre egiteko kualifikazio gehiago duen idazkariaren beharra”.
Koalizio abertzaleak “duela pare bat aste” izan zuen alkatearen asmoaren berri eta gogoratzen dute “denbora luzez idazkari gabe egon ostean aurtengo martxoan” hasi zela lanean idazkari berria.
Epe labur honetan langileen artean sortutako gora beherak “alkateari dagokio bideratzea”. Kualifikazio gehiagoaren beharra argudiatzea berriz, deigarria egiten zaie ezker abertzaleko zinegotziei. Izan ere, “duela sei urte idazkariaz gain idazkari albokoa ere derrigor behar zela defendatzen zuen pertsona berdinak, ustez Udalak aurre egin beharreko erronka berriei erantzuteko, beste Udal batean lanean ari den idazkari bat bere jardunari %30 gehituz lanera etorrita nahikoa dela defendatzea”, gogoratu dute.
EH Bilduko zinegotzien arabera egoera “oso larria” da eta jasotako arrazoiak “ez ditugu inondik inora konpartitzen”. Gainera, ez daude onartzeko prest eskatutako diskrezioa aitzakiatzat hartuta “gainontzeko Udal ordezkarion ezkutuan jardutea”.
Oposizioko zinegotziek alkatearekin bildu direla aitortu dute, baina Totorikaguenak “ez duela inolako asmorik premiazko ez ohiko osoko bilkura bat deitu eta azalpenak emateko”, adierazi dute. Horregatik, “ez ohiko premiazko osoko bilkura bat deitzeko eskaera erregistratu dugu erabaki honi buruzko arrazoiak exijitzeko. Aldi berean, informe juridikoa eskatu dugu alkateak holako erabakia udalbatza barik har dezakeen ala ez argitzeko”.