Iurretako “baserrietan etxebizitza kopurua handitzea da” EAJ-PNVk maiatzaren 28ko Udal Hauteskundeetarako aurkeztutako programaren proiektu aipagarrienetako bat. Ordenantza berri baten jasoko den proposamen horrekin “landa-guneen jarraipena eta iraupena” bermatu nahi dute, Iñaki Totorikaguena hautagai jeltzalearen esanetan.
Egitasmoa gauzatzeko, beharrezkoa izango da azalera eta ezaugarriak kontuan hartzea, nahiz eta aurreratu “gehienez lau etxebizitza egon daitezkeen baserrietan. Horrela, baserrien birgaitzea eta egokitzapena bultzatu nahi dugu”, adierazi du Totorikaguenak.
Horrez gain, landa-guneetako beharrezko azpiegiturak hobetzeko asmoa agertu dute Iurretako jeltzaleek; Auzorik Auzo bezalako aisialdi eta entretenimenduko ekitaldiak hurbiltzen jarraituko dute; eta mugikortasuna errazten duen AuzoTaxi zerbitzua eta auzoen arteko oinezko zein bizikletentzako lotura hobetuko dituzte.
Konpostajea sustatzeko eta hondakin fitosanitarioak biltzeko helburuarekin, landa-eremuetan auto-konpostajeko programak bultzatuko dituzte eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueratik eratorritako hondakinak biltzeko apustua egingo dute.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta erakunde eskudunekin lankidetzan, putzu septikoak instalatzeko eta mantentzeko diru-laguntzak bideratuko dituzte eta interneterako sarbidea erraztuko dute ahalik eta baldintza onenetan.