Iurretako EH Bilduk bere atxikimendua eman dio Durangaireak zapaturako deitu duen manifestazioari, Iurreta, Durango eta Durangaldeko herritarrak “kezka handiz” bizi dutelako “arnasten dugun airearen kalitate txarra”.
Koalizio abertzaleak Tecnaliak Durangoko Udalarentzat egindako txostenean azaltzen dituen argudioetan oinarritzen du bere jarrera. Ikerketa horrek “agerian utzi du gai honen larritasuna (adibidez, une batzuetan benzeno maila onartutakoa baino 700 aldiz gehiagokoa izatera iritsi izan da!!), eta kutsadura iturriak Iurretan daudela dio”, gogoratu dute.
Gainera, Iurretako Udal Gobernuaren inplikazioa eskatu dute. “Itxurakeriak albo batera utzi, beste aldera begiratzeari utzi, eta behingoz, gai honen aurrean seriotasunez lanean has dadila eskatu nahi diogu: kutsadura fokuak identifikatu eta neurri zuzentzaileak ezartzen hasteko eska diezaiola Eusko Jaurlaritzari”.
Zapatu honetan egingo den manifestazioa arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Durangoko Landako Gunetik eta Iurretako San Migel plazan amaituko da.