Iurretan 1968tik 1981era bitartean egon zen ikastolaren historia “jaso eta transmititzeko helburuz” landutako ‘Goiuria ikastola: Auzolan miresgarri baten kronika’ liburua aurkeztuko dute bihar Kristina Mardaras, Justo Alberdi, Jon Irazabal eta Markel Onaindia egileek. Ekitaldia, Iurretako Goiuria kulturgunean izango da, 19:00etan hasita.
Gerediaga Elkarteak argitaratutako liburuan ikastolaren historia kontatzen da, eta horretarako, bertan “ibilitako guraso, ikasle, irakasle eta ekintzaileak elkarrizketatu” dituzte “informazioa lortzeko. Izan ere, kontakizuna “euren testigantzetan oinarritzen da” egileen esanetan, eta haietako batzuek parte hartuko dute liburuaren aurkezpen ekitaldian.
“Zulo beltzetik berpizteko”
Goiuria ikastolak 1968ko urrian zabaldu zituen ateak, guraso talde baten eta Julen Kaltzada eta beste ekintzaile batzuen inplikazioari esker, ikastolen mugimenduak “euskara diktaduraren zulo beltzetik berpizteko” asmori ekiteko helburuarekin.
“Ez ziren garai errazak, euskara debekatua zegoen, eta traba asko gainditu behar izan zituzten bultzatzaileek. Esaterako, erregimenaren inspektoreak birritan zarratu egin zuen ikastola, eta etxeetan eman behar izan zituzten klaseak, era klandestinoan”, egileen esanetan.
Ekimenak aurrera egin zuen oztopo guztien gainetik, eta “herriko umeek euskaraz ikasi ahal izateko, auzolan handi bat garatu zuten guraso, irakasle eta gazte ekintzaileen artean”. 1981ean, Goiuria ikastola Maiztegi herri eskolagaz fusionatu zen, euskararen hezkuntzari zabalpena emanda.
‘Goiuria ikastola: Auzolan miresgarri baten kronika’ liburua Iurretakopin, eta Durangoko Artekan, Hitzen eta Urriken egongo da salgai 10 euroren truke. Gainera, Elkar banaketen esku ere egongo denez, beste edozein herritako liburudendetan ere eskatu ahalko da.