
Iurretako Ibarretxe kultur etxea Durangaldeko Berbalagunen topalekua bilakatuko da ekainaren 19an, leku horretan egingo baita aurtengo Mintzodromoa. Ekimenean Kristina Mardaras eta Naroa Jaio izango dira gonbidatu bereziak.
Aurtengo Mintzodromoa 18:00etatik 19:30era egingo da eta bertaratzen direnek euskaraz hitz egiteko eta euskaldunen arteko harreman berriak sortzeko aukera izango dute. AEKk dinamizatzen duen ekintzaren asmoa “giro atseginean euskaldun zahar eta berrien elkarrizketa sustatzea da”.
Partaideak bost laguneko taldeetan mintzatuko dira, 15 minutuero taldez eta gaiz aldatuz. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “jan-edana, musika, bertsoak eta giro paregabea” egongo dira.
Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea ekainaren 14ra arte, 94 681 27 26 edo 688 863 736 telefonoetara deituz edo biblioteka@iurreta.eus helbide elektronikora idatziz.