Iurretako Udal Liburutegiko arduradunek ekimen zerrenda oparoa prestatu dute 2021-2022 ikasturtera begira. Iragarritako hitzorduak doakoak izango badira ere beharrezkoa da izena ematea edo sarrerak aldez aurretik eskuratzea, plaza kopurua mugatua delako.
Edizio honetako egitaraua helduentzat zein umeentzat hilero egingo diren ipuin kontaketa saioekin abiatuko da. Urriaren 29an hasita, Virginia Imaz, Mireia Delgado, Aitziber Atxotegi, Oihana Etxegibel, Maite Arrese edo Peru Magdalenaren agerraldiak iragartzen dira.
O eta 3 urte bitarteko haurtxo, guraso eta zaintzaileentzat Saioa Bikandik dinamizatzen duen ‘Azalerako ipuinak’, edo guraso eta haurrei irakurketaz elkarrekin gozatzeko ‘Mintxoan kux-kux’ egitasmoa ere tartekatuko dira aurtengo programazioan.
Euskarazko ipuinak, komikiak, poema liburuak eta bestelako lanak irakurri eta umeek elkarrekin komentatzeko ‘Paperezko hegoak’ kluba hilean behin kudeatuko du Peru Magdalenak. Maiztasun berdinarekin Saroa Bikandik dinamizatzen duen ‘Irakur-lagunak’ ekimenak, ibilbide literario berriak sortzea du helburu.
Hainbat hizkuntza
Ikasturte berrian, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez hilean behin egingo diren irakurketa klubak egongo dira; lehenengo biak Ainhoa Aldazabalek dinamizatuko ditu eta beste biak, hurrenez hurren, Jessica Oleagak eta Nerea Goioagak. 55 urtetik gorakoentzat prestatutako ‘XL Irakurketa kluba’ berriz, asteazkenero bilduko da.
XIX. mendeko idazle iparramerikarrak hizpide izango duen ‘Emakumeen literatur tailerra’ astelehenetan egingo da hamabostero, Ainhoa Aldazabalek dinamizatuta.
Bestelako hainbat ekitaldi prestatu dituzte aurten ere Udal Liburutegiko arduradunek. Euskaraz, ingelesez eta frantsesez egiteko mintza-praktika taldeaz gain, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleei zuzendutako Iurreta ezagutu ekimena ere antolatu dute; eta 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat liburu markagailu lehiaketa iragarri dute.
Gazteentxako komiki tailerra
Euskal Autonomi Erkidegoko Booktuber lehiaketaren kedada egingo da Iurretako bibliotekan; Making, gazteentzako komiki tailerra ere prestatu da aurten; eguneroko gatazkak sormenaren bitartez kudeatzeko ‘ Kreos’ tailerra edo Lorena Martínez Oronoz sortzaile eta ilustratzaileak dinamizatuko duen ‘Emozioa ilustratzen’ ere eskainiko da.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, ‘Emakumeak eta literatura’ hitzaldia eskainiko du Laura Mintegik martxoaren 3an. Poesiaren Eguna ospatzeko berriz, Poropopoesia eta rap tailerrak gidatuko dituzte Saroa Bikandik eta Peru Magdalenak.
Ekitaldietan parte hartu nahi duten iurretarrek irailaren 15etik 24ra bitartean eman beharko dute izena, eta herrian erroldatuta ez daudenak berriz, 22tik 24ra apuntatu ahal izango dira.