Iurretako Udaleko Herri Bibliotekak Literatur Lehiaketaren XV. edizioa antolatu du eta bertan parte hartu nahi dutenek otsailaren 24a arte izango dute epea lanak aurkezteko. Aurten ere hiru sailetan banatu dute lehiaketa: ipuinak, bertso-paperak eta komikiak.
Sail bakoitzak adinaren arabera banatutako zenbait kategoria izango du. 18 urte azpikoetan, Iurretan erroldatutako edo herrian ikasten duten haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute eta bertso-paperen kasuan Durangaldea osoko partaideen lanak onartuko dira. Gainera, 18 urtetik gorako kategoria guztietan udalerrikoak ez direnak ere aurkeztu daitezke.
Lanen hizkuntza, adingabeentzat eratutako kategorietan, euskara izan behar da eta adindunen kategorietarako sortutako lanak, euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahalko dira. Gaia berriz, librea izango da.
Parte hartzaileek paperean zein euskarri digitalean aurkeztu ahal izango dituzte euren lanak, Iurretako Udaleko Erregistro Orokorrean (Bidebarrieta kaleko 5, zenbakian) edo Iurretako Herri Bibliotekan (Bidebarrieta kaleko 4. zenbakia, 1, solairuan) entregatuz edo lehiaketa@iurreta.eus helbide elektronikora bidaliz.
Sari banaketa maiatzaren 26an Ibarretxe Kultur Etxean egingo da. Haur eta gazteen kategorietako irabazleek, liburuengatik trukatzeko bonuak jasoko dituzte eta helduen mailako irabazleek berriz diru-sariak jasoko dituzte.