Iurretako udal brigada egoera txarrean dago aspaldian. Izatez, brigadarako lau postu zehazten dira udaleko Lanpostu Zerrendan, baina badira aste batzuk langile falta nabaria dutela, eta uneotan bi bakarrik daude taldean. Horrek eragina du langileen baldintzetan, eta baita herriko egunerokoan ere.
Hainbat lan atzeratzen ari dira, eta hori argi eta garbi geratu zen azken osoko bilkuran. Izan ere, alkateak aitortu zuen lan batzuek ez dutela aurrera egiten brigadan jende nahikorik ez zegoelako.
Horren aurrean, EH Bilduk brigada indartzeko neurriak eskatu ditu, eta langile gehiago kontratatzea premiazkoa dela uste du.
Zinegotzi abertzaleen eginiko eskariari erantzunez, Oskar Koka alkateak erantzun du brigada osatzeko lan-poltsa hutsik dagoela, eta horregatik ezin izan dutela inor kontratatu. baina hori “gezurra da”, diote
EH Bilduk jakin duenez, lan-poltsan 25 pertsona daude itxaroten, eta inori ez dio deitu udalak. “Beraz, EAJko udal gobernuaren gestioa larria iruditzen zaigu, eta herritarrei gezurretan aritzea oraindik eta larriagoa. Zergatik ez du lan-poltsara jo udal gobernuak? Zer ezkutatu nahi du alkateak? Ez da ulergarria”, adierazi dute EH Bilduko ordezkariek. Gainera, aurreikuspen falta nabaria izan da, taldean egon diren bajak ez direlako egun batetik besterakoak izan.
Bestalde, udal brigadaren arazoak atzetik datoz, sasoi honetan gertatu denaz gainera. Besteak beste, lanak garatu ahal izateko material falta izan dute beharginek, eta eskura duten erreminta ugari zaharkiturik daude. Egoera hori ikusita, baliabideak hobetzeko beharra ikusten du EH Bilduk, herriko funtzionamenduan ezinbesteko papera betetzen baitute brigadako kideek.