Banner en desktop Banner en moviles
Contra el Cancer Bizkaia
Dendak Bai
Iurretako Udala
Amorebieta-Etxanoko Udala

“Iurretar guztiek jakin beharko lukete Kofradiako kide izateko eskubidea dutela”

iurreta-kofradiak-jon-irazabal
Jon Irazabal.

Jon Irazabal eta Markel Onandiak idatzitako ‘Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen’ liburua argitaratu dute herriko kofradien batzordeak eta Gerediaga elkarteak. Auzoetako baserriak biltzeko sortu ziren erakundeek “administrazio-erlijio-soziala zentzua zuten”, liburua gauzatzeko ikerketa lana egin duen Irazabalen esanetan. Onaindia berriz, testigan­tzen bilketaz arduratu da.

-Noiz eta zertarako sortu ziren Kofradiak?
-Mendeetan zehar, Bizkaiko herriak, baita Durangaldekoak ere, Kofradiak deitzen ziren auzuneetan antolatu ziren. Kofradia esaten zioten lurralde bat antolatzeko eta gobernatzeko modu bati ere. Erdigunea eta bizilagunen biltokia baseliza izaten zen, eta nahiz eta erakunde administratibo zibilak izan, funtzio erlijioso eta sozialak ere betetzen zituzten.

-Beraz, Kofradiak izan ziren tokiko lehenengo egitura politikoak?
-Ez dago datu zehatzik, baina historiagileen arabera VIII. eta IX. mendeen inguruan sortu ziren. Geroago, XII. mendean, gaur egungo udalerrien oinarria izan ziren elizateak sortu ziren; izan ere, Kofradiek elkarren beharra zuten proiektuak aurrera eramateko edo sortzen zitzaizkien arazoei aurre egiteko.

iurreta-kofradiak-1976
1976ko San Migeletan kofradietako junteroak azalpenak ematen Iurretako plazan.

-Ahoz aho pasatu diren testigantzak batu behar ziren etorkizunerako mantentzeko?
-Markel arduratu da azken 50 urteetako testigantzak eskuratzen. Arazoa, batez ere, Kofradien historia ahoz ahoko transmisioa izan duelako, eta inork ez duenez behar den moduan batu, neurri handi baten galdu egin da. Datu zehatzak ez ditugu ezagutzen.

-Liburuaren helburua Kofradiek Iurretako historian izan duten garrantzia ezagutaraztea omen da. Zergatik ziren horren besteko garrantzitsuak?
-Kofradiak, antzina, herri baten barruan zeuden ‘herri txikiak’ ziren eta lurralde honetako lehenengo antolaketa instituzionalak izan ziren. Garai hartako baserrietan bizi zirenek, elkartu beharra zuten eguneroko erronkei edo garaiko arazoei aurre egiteko: gerrei, bide berri bat zabaltzeari, suteei, goseteei, sikateei…

X., XI. eta XII. mendeetan, basoak oinarrizko elementuak ziren, ezkurrak, egurra edo eskortetarako iratzea ematen zituelako eta baserritarrentzat oinarrizkoak ziren.

-Baina erakunde moduan zuten garrantzia galtzen joan ziren.
-XVII. edo XVIII. mendean ez zeuden hilda, baina zerbait sinbolikoa ziren. Hala ere, XVIII. eta XIX. mendeak gerra garaiak izan ziren, eta hondamendi ekonomikoari aurre egiteko eta zorrak kentzeko, gobernuak herri-basoak saltzea agindu zuen. Udalek kontuak saneatuko zituzten, baina bizilagunentzat hondamendia izango zen. Hainbat Udalek herri-basoak Kofradiei saltzea erabaki zuten. Iurretak gauza bera erabaki zuen 1858an eta herritar guztien artean 157.068,90 erreal ordaindu zizkioten Udalari, eta Udalak bere herri-basoen zati bat eman zien; Laixierzelai inguruan daudenak, hain zuzen. Iurretan ia desagertuta zeuden Kofradien birsortzea ekarri zuen, herri-baso horiek administratzeko.

iurreta-kofradiak-1980
Kofradi Eguna 80ko hamarkadan Laixier zelain.

-1973an garai berria hasi zen Kofradientzat, herri-basoen kudeaketa berreskuratu baitzuten. Zergatik izan zen hain garrantzitsua?
-1926an Durangok Iurreta anexionatu zuen eta herri-basoak bereganatu zituen, nahiz eta Kofradiek administratzen zituzten. Durangoko Udala jabetza bereganatzen saiatu zen eta 1953an, kosta ahala kosta herri-basoen jabetza eskuratu behar zuela erabaki zuen. Izan ere, Durangok gauzatu zituen proiektu berriak herri-basoen irabaziekin ordaindu zituen, Ezkurdiko frontoi berriarekin egin zuen bezala. 20 urte iraun zuen auziaren ondoren, 1973ko otsailaren 23an, orain dela 50 urte, Durangoko Udalak baso horien jabetza aitortu zion Iurretako Kofradien Ba­tzordeari.

1976tik 1980ra herri-basoekin lortutako etekinek eragina izan zuten Iurretan eta hainbat inbertsio egin ziren: Larrakozelaiko futbol gunea egiteko lursaila erosi eta lanen zati bat egin zen; auzoetako txokoak egin ziren, eliza konpontzeko diru atal bat bideratu zen…

-Hasieran emakumeek ezin zuten Kofradietako kide izan. Noiz aldatu zen egoera hori?
-Emakumeek ezin zuten egon Gernikako Batzarretan ezta Gerediagan egiten zirenetan ere. Batzarretan presentzia fisikoa ez izan arren, presen­tzia ‘itsua’ edo influentzia bazuten. Iurretan, esaterako, XVIII. mendean oso ezaguna izan zen Teresa de Yurreta, herriko hainbat lursail, baserri edo Goikola eta Bekola burdinolen ugazaba. Bileretara joaterik ez bazuen ere, berak bidalitako gizonezkoren batek argi eta garbi beteko zituen hark emandako aginduak.

Egoera horren aldaketa efektiboa azkenengo 5-6 urtetan gauzatu da, andre batzuk Kofradietako juntetan sartzen hasi zirenean.

-Liburuari ‘Iraganari etorkizuna ematen’ azpititulua jarri diozue. Zein izango zen gaur egun Kofradien zeregina?
-Gaur egun, iurretarren kopuru handi bat XX. mendeko 60. hamarkadan kanpotik etorritakoek osatzen dute. Eta jakin beharko lukete Kofradiako kide izateko eta bileretan bozkatzeko eskubidea dutela. Baina herritar oso gutxik ezagutzen du Kofradien fun­tzioa edo antolakuntza eta zabalkunde lana egiten ez bada, pare bat belaunalditan desagertu egingo dira edo zerbait marjinal moduen geldituko dira. Gaur egun eztabaida dago Kofradien basoek bete behar duten funtzioari buruz: pinua sartu eta etekinak auzokideak laguntzeko bideratu; edo funtzio ekonomizista horren ordez, beste mota bateko landaketak egin…

Egoera horri buelta emateko helburuarekin eskoletan lantzeko Unitate didaktiko bat prestatzen gabiltza, eskola umeek jakin dezaten zein­tzuk diren Kofradien fun­tzioak, zeintzuk diren emai­tzak eta kideak nortzuk izan daitezkeen.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (1 votos, media: 5,00 sobre 5)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados