
Iurreta izenaren lehenengo aipamenaren 950. urteurrena dela eta, abuztuaren 25etik irailaren 7ra burutuko den egitaraua prestatzen ari da herritar talde bat. Antolatutako ekitaldiak datorren astean jakinaraziko dituzte, baina “prestatuko dugun programan bi hitzaldi eta bi bidaia nabarmenduko dira”, ekimenaren sustatzaileen arabera.
Orain dela 50 urte, 1972an, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País elkarteak gogora ekarri zuen aipamenaren 900. urteurrena, Amatzako San Martin baselizaren elizpean plaka bat ipiniz. Eraikin hori izango zen aurretik zegoen monastegia baten kokagunea, historiagileen esanetan.
Ihurrieta, Ihurrueta, Hurrieta
Iurretaren lehen aipamena jatorrizko monastegi horrekin dago lotuta. Aipamena, 1072ko abuztuaren 26koa da. Astelehena zen eta egun horretan, “Santxo IV. Nafarroako erregeak, Durangerriko kondea eta Bizkaiko Jauna den Iñigo Lopez ‘Ezkerra’ eta Toda Fortunez Ortiz de Aulestia bere emaztearen oniritziarekin, Kogollako San Millan monastegiari oparitzen diote Iurretako San Martin monastegia”.
Donazio dokumentu hartan, “Iurreta izena, Ihurrieta eta Ihurrueta gisa” idaztea, “bitxikeria” bezala ikusten du urteurrena antolatzen ari den lantaldeak. “3 urte beranduago Abadiñoko abadeek eta San Millaneko monastegiak, Arandiako lurrak direla eta izandako liskarretan Hurrieta izena erabiltzen dute Iurreta idazterakoan”.
Abuztua amaieran eta irailaren hasieran burutuko den egitarauarekin “gertakizun historiko” hori gogoraraztea nahi dute eta prestatutako ekitaldiak aurrera eramateko Iurretako Udalaren laguntza jaso dute. Hala ere, beste erakunde batzuen partaidetza eta herriko talde zein, industria eta merkataritzaren laguntza izatea espero dute.