IES Urritxe BHIko ikasle zornotzarrek Erasmus+ programaren bigarren zatiari ekin diote gaur, ekintzailetza ardatz izango duen zikloari. Ekimenean parte hartuko duten ikasleen helburua izaera sozialeko enpresa bat sortzea izango da.
Programak hamar mugikortasun-aukera aurreikusten ditu: ikasle atzerritarrak Amorebieta-Etxanora etorriko dira, eta udalerriko ikasleak Europako hainbat herrialdetara joan ahal izango dira. Izan ere, programaren bigarren fase honetan, Amorebieta-Etxanon izango dira Turkiako Beysehir Mesleki Ve Teknik Anadolu Lisesiko ikasleak, Txekiar Errepublikako Obchodni Akademiekoak, Italiako Istituto Tecnico Industriale L. da Vincikoak, Portugalgo Agrupamento de Escolas José Sanches e São Vicente da Beirakoak eta Errumaniako Liceul Teoretic de Informatica ‘Grigore Moisil’koak.
Erronka bat
Amorebieta-Etxanoko Udalak aurkezpen eta ongietorri ekitaldian hartu du parte, eta esker hitzak izan ditu ikasleentzat programan parte hartzeagatik eta udalerrira hurbiltzeagatik. Ainhoa Salterainek, Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotziak, Erasmus+ programaren garrantzia gogorarazi die bertaratutakoei “programa hau erronka bat izango da parte hartu duzuen neska-mutil guztientzat” adieraziz.
“Oraintxe kontziente izan ez arren, aukera honi esker zentzu guztietan aberasgarriak izango diren esperientzia ahaztezinak biziko dituzue”, azpimarratu du Salterainek, eta eskerrak eman dizkie Amorebieta-Etxanoko gazteei aukera hau eskaini dieten guztiei, bereziki programa aurrera eraman duten Javi Mendiola, Argiñe González eta Janire Villanueva irakasleei.
Amorebieta-Etxanoko Udalak, gainera, Rosalinda Incardonaren grabatu bat oparitu die bertan bildutakoei. Rosalinda artista italiarra da, Veneziako Arte Ederretako Unibertsitatean pintura ikasi zuen eta grabatu kalkografikoan espezializatu zen; Amorebieta-Etxanon bizi da 2006tik, eta marrazketa eta akuarela tailerrak ematen ditu bere estudioan.
Aurkezpen-ekitaldia amaitu ondoren, ikasleek hainbat mintegitan hartu dute parte, eta, ondoren, Urritxe institutua bisitatu dute. Lehen eguna bazkari baten bueltan amaitu dute.