
Durango eta eskualdeko izotz gaineko irristaketa zaletuek, aukera ederra izango dute kirol horrekin gozatzeko datozen Gabonetan. Abenduaren 26tik urtarrilaren 6a bitartean Izotz Gunea kokatuko da Landako erakustazokan eta bertara sartzeko 800 gonbidapen banatuko ditu Dendak Bai, Durangaldeko Merkatarien Elkarteak.
Iazko Izotz guneak hamaika egunetan ireki zituen atean eta guztira ia 6.000 lagun sartu ziren bertara irristaketa praktikatzeko. Landako erakustazokan prestatuko den gunea Euskal Herriko handienetakoa izango da, guztira 800 metro koadro inguruko azalera izango baitu.
Durangalde osoko patinatzaileekin batera Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoko herrietako zaletuak bilduko dira bertan aurten ere. Iaz antolatutako irristatze ikastaro arrakastatsuetan 800 lagun izan zirela kontuan hartuta, aurten ere ikastaroak emango dira.
Gonbidapenak eta trena
Dendak Bai, Durangaldeko Merkatarien Elkarteak antolatutako Gabonetako kanpainaren barne, 800 gonbidapen banatuko dira Izotz gunera sartzeko. Doako sarrera lortzeko beharrezkoa da Dendak Baik Askatasun Etorbideko 2an duen bulegora joan eta elkarteko bazkide diren denda edo tabernetan abenduaren 15a eta 31 bitartean egindako erosketaren tiketa erakustea.
Ekimen honen bitartez sarrera bat lortuko da gutxienez 20 euroko erosketa bakoitzagatik; bi sarrera 40 eta 59 euroko erosketagatik eta hiru sarrera 60 eurotik gorako erosketagatik.
Dendak Bai, bestalde, gonbidapenak banatuko ditu abenduaren 29an eta 30ean Iurreta eta Durango zeharkatuko dituen Txu-txu trenean ibiltzeko. Trenera igotzeko beharrezkoa da Dendak Baiko bazkideek diren saltoki edo tabernatan abenduaren 15a eta 30 bitartean egindako erosketen tiketa erakustea edo Iurreta eta Durangoko Udalek banatuko dituzten 4.000 gonbidapenen bat erakustea.
Txu-txu trenaren ibilbidea Iurretako Bixente Kapanaga kalean hasiko da eta Bidebarrietan egingo duen geldialdia eta herrian barrena ibili ondoren irteera puntura itzuliko da. Ibilaldiko hurrengo geldialdia Durangoko Madalenan dagoen Bizkaibusen geralekuan egingo du eta Durangoko kaleetan zehar ibili ondoren, Madalenara lehenik eta ondoren Iurretara itzuliko da.