
Jabier Muguruza soinujole eta kantautore gipuzkoarrak ‘Taxirik ez’ izeneko azkeneko diskoa aurkeztuko du urtarrilaren 2an Abadiñoko Errota Kultur Etxean. Lan horretarako, hainbat idazleren laguntza izan du, Bernardo Atxaga eta Harkaitz Canorena, esaterako.
‘Taxirik ez’ lana 2009an argitaratu da, eta soinujole, kantautore eta idazle honen bakarkako lanetan hamargarrena da, 1994an, ???Boza barruan??? lana argitaratu zuenetik.
Muguruza Irunen jaio zen 1960an, eta bost urte zituela hasi zen soinua jotzen. 2002an, Arte eta Musika Zientzien Akademiak euskarazko lanik onenaren saria eman zion ‘Hain guapa zaude’ lanagatik, Musikaren Sarien zeremoniaren barruan. 2006an eta 2008an ere sari bera irabazi zuen Muguruzak.
Idazle lanari erreparatuz, Muguruzak haurrentzako sei liburu eta helduentzako bi kontakizun idatzi ditu, baina horrez gain, komunikabideetan ere hainbat eta hainbat artikulu argitaratu ditu.
Abadiñoko Udalak Gabonetarako eta helduentzat antolatutako emanaldietan garrantzitsuenetakoa da Muguruzaren kontzertua, eta hiru euroren truke ikusi ahal izango da. Sarrerak salgai daude dagoeneko Errota eta Txanporta Kultur Etxeetan. Kontzertua gaueko hamarretan hasiko da.
Errota Kultur Etxean programazio finkoa
Marisa Vazquez kultura-zinegotziak azaldu duenez, hilean behin, musika eta antzerki ikuskizun bat programatu nahi du udalak, eta batez ere, euskal taldeek izango dute lehentasuna. Errota auditorioak 208 lagunentzako edukiera dauka, eta hainbat ikuskizunetarako beharrezko baldintza teknikoak betetzen ditu. “Abadiñoko Udalak apustu sendoa egin du kultura herritarrei hurbiltzeko, eta, asmo horren baitan, Errota Kultur Etxean ikuskizunen programazio finkoa antolatzea pentsatu dugu”, azpimarratu du.
Jabier Muguruzaren emanaldiak Errota auditorioaren aldi berriari emango dio hasiera; izan ere, hemendik aurrera, zuzeneko ikuskizunen programazioa indartu nahi dute.