Atzo iluntzean Penny Fleck taldeak emandako kontzertuarekin hasi baziren Mañariko jaiak, bihar, etzi eta etzidamu izango dute egun indartsuenak. Hala ere “egun bakoitzak bere xarma” duela azpimarratzen du Ainara Otxotorena alkateak.
Hori dela eta, egitaraua prestatu duen Jai batzordearen lana eskertu du, “gogotsu aritu direlako dena antolatzen”, eta horren ondorioa, herritarrentzat eta gerturatzen direnentzat osatutako “egitaraua ikusgarria” nabarmendu du.
Gainera, alkateak bat egiten du jai batzordeak zabaldutako mezuarekin eta, egitarauan azaltzen den bezala, Otxotorenarentzat ere “ezinbestekoa da guztion parte hartzea”. Gainera “jende guztia kriston gogoarekin dabil, jai egunekin disfrutatzeko desiratzen bi urteko etenaldiaren ondoren, naiz eta iaz ekitaldiren bat edo beste egin genituen”.
Datozen hiru egunetan egongo da zerekin disfrutatu, eta Otxotorena gehien erakartzen dituen ekitaldiak “Dupla taldearen estiloko musika kontzertuak badira ere”, bestelako ekitaldiak ere gogoko ditu. “Orokorrean, egitarau osoak erakartzen nau; Andra Mari eguneko kultur ekitaldiak eta txistorrada eta, herritarrentzat, paella jana eta mozorro eguna” dira ekitaldi erakargarrienak.
Biharko ospakizunen ostean egin behar diren joan-etorriak ziurtasun osoz egiteko helburuarekin, “Udalak doako autobus zerbitzua” jarri duela gogoratu du alkateak. “Mañaritik Durangora, goizaldeko 4:00etatik 7:00etara bitartean, etengabeko zerbitzua egongo da, eta uste dut Durango eta inguruetako gazteria mugituko dela”.