
Amparo Ereñagak ‘sanfaustoetan’ herriko dantza taldeek eskaintzen dituzten agerraldiak ditu gogoko, baita koadrilako lagunekin bazkaria egitea eta Mañaria errekaren jaitsiera ikustea.
-Bi urteko etenaldiaren ondoren, durangarrak gogotsu daude jaiak ospatzeko eta zuk eta Marisak emango diozue hasiera ‘sanfaustoei’. Harro egongo zara?
-Bai, nahiko ondo eta gustura hartu dut izendapena. Orain arte egindako lanaren aitorpena dela uste dut. Eta indartsu gaude lanarekin jarraitzeko. Bi urtez lan guztiak albo batera itxi behar izan ditut, etxeko denok Covidagatik babestuta egon garelako, baina oraindik gauza asko ditugu egiteko eta jarraitu egin behar dut.
-Pregoian zer esango duzuen aurreratzerik bai?
-Feminista garen neurrian, argi dugu ‘erasorik ez’ mezua zabalduko dugula. Denok dibertitzeko aukera eduki behar dugula ere aldarrikatuko dugu. Horrelako gauzak aipatuko ditugu.
-Zein da ‘sanfaustoetan’ gehien gustatzen zaizun ekitaldia eta inoiz galdu ez duzuna?
-Batez be, dantza ekitaldiak; Txoritxu Alai eta Kriskitinen dantza agerraldietara joatea gustatzen zait. Koadrilako lagunekin egiten dugun bazkarira ere oso gustura joaten naiz. Mañaria errekaren jaitsiera ere asko gustatzen zait, eta ahal dudan guztietan ikustera joaten naiz.
-Zer gustatzen zaizu gehiago, egunez dagoen giroa edo gaueko parranda?
-Niri egunez ibiltzea gustatzen zait; ez naiz batere gautxoria. Kirola egiten dut egunero eta goizeko 8:00etan hasten naiz. Ez dut barkatzen egun bat bera ere, bestela umore txarrarekin egoten naiz egun osoan.
-Jaietako programatik zerbait kenduko zenuke?
-Ez, ez nuke ezer kenduko, bakoitzak gustu batzuk dituelako eta egitarauan dagoen gauza bakoitzak bere jarraitzaileak izango ditu. Nik, ‘zezenak dira’ ez ditut gustuko, zeren ez dut batere gogoko animaliak kordel batekin lotuta ikustea. Baina jende askoren gustuko ekitaldia da eta ez nuke kenduko egitarautik. Alde horretatik, jendearen gustuak errespetatzen ditut.
-…eta zerbait gehituko zenuke?
-Uste dut denetik dagoela eta egitarauan denen gustuak betetzeko ekitaldiak daudenez, ez nuke ipiniko ezer gehiago.
-Durango goitik behera aldatzen da ‘sanfaustoetan’, baina zelan izatea gustatuko litzaizuke urteko gainerako hilabeteetan?
-Jaietan sortzen den giroa eta zurrunbiloa normala dela uste dut, zeren urtean zehar ez da egoten horren besteko zarata. Egia esan, ni San Roken bizi naiz eta ez dut sentitzen horrelako arazorik.