Urtean zehar Durango osoan nagusitzen diren usain desatseginen lekua hartu dute azken egunetan jai gune desberdinetan kozinatutako jaki gozoek. Atzoko sukalki eta patata tortillen lehiaketak zein oilasko erreak nabarmendu baziren, paellak eta umeek prestatutako jakiek izan dute protagonismoa gaurkoan.
Etxeko gazteenak izan dira sukalde lanetan hasi diren lehenak, goizean goiz ibili baitira Ezkurdin jarri den Txikichef gunean, gozoekin egindako jakiak prestatzen.
Tartean, Fauste auzoan zein Txosnagunearen alboko Landakoko erakustazokan, lagun talde ugari bildu da arroza oinarri duen jakia prestatzeko asmoarekin. Partaideek prestatutako beste paella errezeta landu dituzte, eta batzuk, lehenengoz jantzi dute amantala.
Goizak aurrera egin ahala lagun-taldeak gehitzen joan dira eta bazkalordurako 550 lagun bildu dira Fauste auzoan jarritako mahaien inguruan eta Landakon berriz 800 lagun izan dira paellak dastatzera gerturatu direnak.
82 kazuela
Antolatutako bi lehiaketetara 82 kazuela aurkeztu dira. Fauste auzoan 30 lagun-taldek parte hartu dute, iaz baino 8 gehiago. Lehen saria Txerrarentzat izan da, bigarrena Marcos Conderentzat eta hirugarrena Fermik eskuratu du.
Txosnagunean berriz, 52 paella prestatu dituzte eta irabazleak Eider Bravo eta bere lagunak izan dira bigarren saria Ekaitz Alberdik eta bere kuadrillak eskuratu dutelarik.