Durangoko literaturzale talde batek antolatu eta dinamizatzen duen ‘Hitzez eta Ahotsez’ ekimenak, ‘Lurra’ izango du ardatz eta hizpide edizio honetan. Hitzaldiak, solasaldi dialogikoak eta ekitaldiak agurtuko dituen jendaurreko irakurraldiaz gain, ipuin kontaketa bate ere tartekatu dute aurtengo edizioan.
Joseba Sarrionandia’ (2014), ‘Itsasoa’ (2015), ‘Durangaldeko idazleak’ (2016) eta ‘Bidaia’ (2017) gaiak landu ondoren, ‘Lurra’rekin lotutako edo gai horrekin zerikusia duten liburuak nabarmenduko dira edizio honetan.
Bosgarren edizioko ekitaldiak barikuan hasiko dira Jakoba Errekondo agronomo, paisajista, hizlaria, irrati esataria eta hainbat libururen egilearen berbaldiarekin. Antolatzaileen arabera Errekondo “komunikatzaile ona ez eze, idazten ere trebea da”.
Arte eta Historia Museoan arratsaldeko 19:00etan hasiko den saioan, antolatzaileen arabera “lurra ondo jagoten” irakasteko aukera eskainiko du hizlariak ‘Lurretik landareak, landareak lantzetik gu jantzi’ lerroburu duen konferentziarekin.
‘Lurra, Hitzez eta ahotsez’ ekimenak otsailaren 21ean eta martxoaren 21ean izango du jarraipena Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan, edizio honetarako aukeratutako gaiaren inguruko tertulia dialogikoekin. Arratsaldeko 19:00etan izango diren saio horietara gerturatzen diren literaturazaleek, ‘Lurra’rekin zerikusia duten eta aurretiaz irakurritako testuak izango dituzte berbagai. Apirilaren 20an berriz, aurtengo berrikuntza den ipuin kontaketa izango da leku berean.
2018ko edizioa maiatzaren 4an Plateruena Kafe Antzokian egingo den jendaurreko irakurraldiarekin amaituko da. Aurreko lau edizioetan egin den bezala, parte hartu nahi duen edonori irekita dago ekitaldia. Partaide bakoitzak pare bat minutuko tartea izango du aldez aurretik egokitutako edo sortutako testua jendearenganatzeko.
Hitzez eta Ahotsez ekimenaren antolatzaileek zerrendatuta dituzte aurreko urteetan parte hartu dutenek eta, ondorioz, ez dute izenik zertan eman behar. Jendaurreko irakurraldian lehenengoz parte hartu nahi dutenek berriz, hitzezetaahotsez@gmail.com helbidean eman dezakete izena.