Hirugarren urtez jarraian Nikolas Azoka egingo da bihar Izurtzan, eta bertan 22 postu jarriko dira, eskualdean, Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian ekoiztutako janari eta edariekin.
Azokan janari eta edari desberdinak izango dira eskuragai; besteak beste, gazta, ardoa, garagardoa, kontserbak, eztia, gozoak, barazkiak, txerrikiak, pateak, likoreak… “pixka bat denetarik egongo da”, Oihane Irastorza alkateak adierazi duenez. Gainera, “Aldundiak Izurtzan duen aterpetxean dauden etorkinek pastak eta tea eskainiko dituzte”.
Bertaratzen diren herritarrek pintxoak dastatzeko aukera ere izango dute. “Iaz Labeldun oilasko pintxoak eskaintzen genituen baina aurten txerri-burualde pintxoak egongo dira eskuragai, bi euroren truke. Izurtzarrek berriz, doan izango dute lehenengo pintxoa”, Irastorzak adierazi duenez.
Aurtengoa Nikolas Azokaren hirugarren edizioa bada ere, ekimen honen oinarria zortzi uztez jarraian egin zen Gaztardogi azokan dago. Izan ere, Izurtzako azoka “ez zen egin 2020an pandemia zela eta, eta ardo ekoizleek arazoak izaten zituztenez gerturatzeko Azoka berriari herriko patroiaren izena jartzea erabaki genuen”.