Elorrioko Udalak eta herriko hainbat kirol taldek 6 eta 12 urte bitarteko neskato-mutikoei zuzendutako Kirol Astea antolatu dute aurten ere. Ekimena Pazko Astean burutuko da, apirilaren 14tik 17ra bitartean, eta izena emateko epea irekita dago.
Udaberriko oporraldia igarotzeko prestatutako kirol-jarduerak txirrindularitza, txikibox, errugbia, mendi-irteera, saskibaloia, xakea, areto-futbola eta atletismoa izango dira eta parte hartzaileek modalitate horien artean aukeratu ahal izango dute.
Kirol Astea ospatuko den lau egunetako saioak goizez (10:00etatik 13:00etara) eta arratsaldez (16:00etatik 18:00etara) izango dira, kirol taldeetako kideen laguntzarekin. Jarduera guztietarako elkargunea kiroldegia izango da.
Kirol Astean parte hartzea doakoa bada ere, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, ikastetxeetan edo Udalaren webgunean eskuragai dagoen inskripzio orria bete eta udaletxeko HAZn, Iturri Kultur Etxean edo Kiroldegian eman beharko da, apirilaren 1eko 14:30ak baino lehen.
Egitaraua
Apirilak 14, asteartea
Goizean: txirrindularitza (Herriko plazan)
Arratsaldean: saskibaloia (kiroldegian)
Apirilak 15, asteazkena
Goizean: txikibox (Lourdesko instalazioetan)
Arratsaldean: xakea (Kirol Etxean)
Apirilak 16, osteguna
Goizean: Errugbia (errugbi zelaian)
Arratsaldean: Areto-futbola (kiroldegian)
Apirilak 17, ostirala
Goizean: mendi-irteera
Arratsaldean: atletismoa (Herriko plazan)