
Elorrioko Musikaire jaialdiak ezaugarri desberdineko hiru hitzordu prestatu ditu astebururako. Herriko plazan izango diren ekitaldietako protagonistak bi musikariren agerraldiak eta dantza garaikidea izango dira.
Funk, soul eta jazz doinuak entzungo dira gaur Quantic & His Orchestrak eskainiko duen ekitaldian. Jatorriz ingelesa den baina hainbat urtetan Kolonbian eta New Yorken bizi izan den Will Hollandek gidatzen duen taldeak, hiru toki horietako ezaugarriak dituen musika eskainiko du.
Hollandek (gitarra, baxua, kontrabaxua, pianoa, organoa, saxoa eta perkusioak), Wilson Viveros (bateria eta perkusioak), Sylvester Onyejiaka (teklatuak eta metalak), Nidia Góngora (ahotsa) eta Christopher Ellis (ahotsa) izango ditu taldekide.
Reggae doinuak nagusituko dira bihar Ghanan jaiotako Rocky Dawuni musikariak eskainiko duen ekitaldian. Musika mugak gainditu eta Ghanako doinuak, reggae, pop eta bestelakoekin batuko ditu xarmaz beteriko kontzertua eskaintzeko.
Dawuni gitarrajole eta abeslariarekin batera Mark Sims (baxua), Michael Hyde (teklatuak), Blake Colie (bateria) eta John McKnight (gitarra) izango dira agertokian.
Dantza garaikideko hiru pieza laburrekin osatutako ekitaldiak emango dio amaiera asteburuko programari. Etzi, arratsaldeko 19.00etan hasiko den ekitaldia One Legacy Dance Companyren piezarekin hasiko da; Larrua konpainiaren lana eskainiko da ondoren eta amaitzeko Matxalen Bilbaoren ‘Gear’ sorkuntza izango da ikusgai. Pieza bakoitzak 10 eta 15 minutu arteko iraupena du.