Durangoko hainbat auzotan, hutsik dauden eraikin edo lokaletan, jende nagusi, gazte eta umeentzako auzoguneak eraiki nahi ditu EH Bilduk. Landakoko Murueta dorrea, San Faustoko Kapitanena baserria, Juan de Itziarko lokala eta Aramotzeko zentro zibikoa ipini dituzte adibidetzat.
“Garrantzitsua da auzotarrak elkartu ahal izateko espazioak izatea auzoan bertan, herriko beste leku batzuetara joatea sarri ezinezko izaten baita jende nagusi eta umeentzat. Auzo asanbladetan ardura hau helarazi izan digute askotan, eta arazo honi soluzio bat bilatzeko planteatzen dira auzo-lokalak“, azaldu du EH Bilduk.
Auzoetako espazio hauek zabaltzeaz gain, herri osoari eskainiko zaizkio beste espazio bi ere proiektatu ditu koalizioak, izan ere, Correosen eraikin zaharra eta Landako Gunea ere erabilera anitzetarako izan daitezkeela uste dute.
Auzo asanbladak
Horretaz gain, “azken lau urteetan auzoetan egindako lanarekin jarraitu asmoz”, auzo guztietan auzo asanbladak deitu ditu, proiektuak azaltzeaz gain, auzo bakoitzeko zinegotzi arduraduna izango dena aurkezteko. Joan den astean egin zituzten lehenengoak San Fauston, Landakon eta Tabiran.
Bihar Madalena, Sasikoa, Juan de Olazaran eta San Inazioko auzokideekin egingo dute batzarra, Udal Euskaltegian. Eguaztenenan, San Roke, Askatasun, Aramotz eta Astepeoekin, Zabalarran. Eguenean, Ezkurdi, Montebideo eta Kurutziagako auzokideekin bilduko dira Plateruenan eta maiatzaren 21ean, berriz, Antso Estegiz, Juan de Itziar eta alde zaharrekoekin San Antonio ikastetxean. Batzar denak 19:00etan hasiko dira.