
Abadiñoko Gerediaga auzoak Salbadore jaiei haisera emango die gaur arratsaldean Donien Atxa eta txapliguekin. Egitaraua astelehenera arte luzatuko da eta abadiñarrek hainbat ekitaldiekin gozatzeko aukera izango dute. Hauen artean, txapelketak, erromeriak eta bertso saioak. Jon Maia azken eguneko bertso afarian izango da gainera.
Gerediaga Auzoko Jai Batzordeak proposatzen duen egitaraua gaur arratsaldeko 20.00etan hasiko da. Donien Atxa jaso eta txapligu eta trikitixa doinuekin jaiei hasiera emango zaie. Ondoren, gisatua bananduko da. Gaueko kontzertuan, The Mockers eta Triki ta Ke taldeak arituko dira.
Asto lasterketarekin hasiko da biharko egitaraua arratsaldeko 18.00etatik aurrera. Ondoren tortilla txapelketaren txanda izango da. Partehartzaile guztiei piperrak banaduko zaizkie, eta Jai Batzordeak entsaladak eta ardoa jarriko ditu. 22:30etatik aurrera bertso saioa izango da Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolarien eskutik. Gaijartzailea, berriz, Maite Berriozabal izango da. Biharko erromerian Luhartz taldea izango da.
Hamabi Harri Elkartearen dantzariak
Igandeko egitaraua hamabietako mezarekin hasiko da eta ondoren Hamabi Harri Elkartearen dantzarien eta irlanderen dantza saioa eskainiko da. Goizean zehar, gainera, hainbat txapelketa ospatuko dira: makailu pil pil erara, igel, mus eta karabinaz tiro txapelketak hain zuzen ere. Afari herrikoiaren ondoren, Ansorregi, Narbaiza eta Lutxurdiorekin hasiko da gaueko erromeria.
Salbadore jaiak astelehenean amaituko dira. Hamabietako meza ostean, aurreskua eta atzeskua dantzatuko dira. Ondoren, paella txapelketa ospatuko da eta goizean zehar trikitilariak izango dira jai gunea alaitzeko.
Arraltsaldean, berriz, briska txapelketa ospatuko da eta umeen jolasak izango dira protagonista. Karabinaz tiro txandak egin ondoren, Andorregi eta bere taldeak erromeria eskainiko dute 20.30etatik aurrera. Bertso afarian, Jon Maia bertsolaria izango da eta ostean, erromeriak jarraituko du.