Joseba Sarrionandia idazleak eta Ines Osinaga musikariak berbak eta kantuak uztartzen dituen ‘Katuen kontuak’ ikuskizuna eskainiko dute bihar, 19:30ean hasita, Otxandioko Mekoleta auzoan dagoen Arkotxe kultur elkartean.
Literatura eta musika batzen dituen emanaldiak, dozena bat kanturekin osatzen da eta kantu bakoitzak sarrera literario bat duela. Sarrionandiak Kuban duela ia hamar urte sortutako hitzei musika jarri zien Gose taldeko Osinagak eta ‘Gosariak’ proiektua gauzatu zuen. Orain, idazle iurretarra Euskal Herrian dagoela, sortutako hitzen jatorria eta zergatia azalduko ditu musikari arrasatearraren laguntzarekin.
‘Katuen kontuak’ “bidaia luzeko kantuak dira, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia”, sortzaileen esanetan. Izan ere, Habanan sortutako testuak, Atlantikoa zeharkatu zuten eta Euskal Herrira heldu ziren “eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun”.
Sarrionandiaren ahotik kantuak jaio zireneko kontestua entzun ostean kantuek beste dimentsio bat hartzen dute. ‘Katuen kontuak’ konplikatuak bezain interesgarriak dira, eta Osinagaren ahotik, trikitixa nahiz ukelelea soinean eta makinak lagun, gertutik eta modurik gordinenean entzuteak bizipen konpartitua borobiltzen du.
Orain artista bisuala batu zaie taldera, emanaldia irudiz janzteaz arduratuko dena. ‘Katuen kontuak’ entzuteaz gain, ikusteko aukera ere eskaintzen dute.