Joseba Sarrionandia idazle iurretarra orain dela 30 urte izendatu zuen Euskaltzaindiak ‘euskaltzain urgazle’, baina gaur arte ez du izendapenari dagokion diploma jaso. 30 urte igaro dira ordutik hona.
Euskaltzaindiak 1991ko urtarrilaren 31n izendatu zuen urgazle Sarrionandia, eta orain arte ez du diploma jasotzeko modurik izan. Izendapenari dagokion agiria Euskaltzaindiaren egoitzan jaso du, Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik. Egoitzako bilkuren aretoa bisitatu ostean, liburu-sorta bat oparitu dio Urrutiak.
Sarrionandia astelehenean bueltatuko da Euskaltzaindiaren egoitzara, kasu honetan Bilbo Zaharrak antolatutako Forum-ean parte hartzeko, Pilar Kaltzada eta Aingeru Epaltzarekin batera. Plaza Barriko egoitzan egingo den ekitaldia 19:00etan hasiko da eta solaskideak Ramon Saizarbitoriaren ‘Martutene’ nobela izango dute hizpide, obra horren 10. urteurrena betetzen denean.