
Luis Urrengoetxea kaleko Lutaber tabernarien elkarteak gaur hasi eta domekara bitartean ospatuko diren jaiak antolatu ditu aurten ere, egitarauan musika saioak eta umeei zein nagusiei zuzendutako ekitaldiak tartekatuko direla.
Ospakizunak egunean 19:00etatik aurrera egingo den pintxo potearekin eta ordu bete geroago Zornotzako Otxoteak kalejoitik abiatuko duen kalejirarekin hasiko dira.
Biharko prestatutako egitaraua arratsaldeko 19:00etan txistularien ekitaldiarekin abiatuko da eta 20:30ean mus txapelketa hasiko da Donibane txokoan. Ordu erdi geroago igel txapelketari ekingo diote Far-farreko arkupean eta 21:30etatik aurrera txupito gaua egongo da. 22:00etan hasita Kittu taldeak eskainiko duen ekitaldiarekin osotuko da eguneko egitaraua.
Aurtengo jaiegun nagusia zapatuan izango da eta 10:30etatik aurrera umeentzako puzgarriak, egur jokoak, aurpegi margoketa eta bestelako jokoak egongo dira Euskal Herria enparantzan. Zunba saioak eta trikitilarien ekitaldiak jarriko dute eguerdiko giroa eta 14:30ean sukalki txapelketako partaideek prestatutako jakiak entregatu beharko dituzte.
Arratsaldeko giroa elektrotxarangak jarriko du 18:00etatik aurrera eta 21:30ean Josetxu Piperrak and The Riber Rock Bandek eta AC DC taldearen errepertorioa lantzen duen The Bon Scott Bandek Zelaieta parkean eskainiko duten kontzertuarekin amaituko dira eguneko ekitaldiak.
Domeka goizean umeentzat zuzendutako jokoak egongo dira Euskal Herria enparantzan eta 15:00etan egingo den Lutaber errifaren zozketak emango die amaiera aurtengo ospakizunei.
karparik ba al dago?