Herriko jubilatuek bihar egingo duten bazkaria izango da Garaiko jaien atarikoa. Ospakizunei hasiera emango dion donien atxa jartzea berriz, astelehenean egingo da, arratsaldeko 19:00etan, eta jarraian dantzarien azken ensaioa, Lumagorri oilaskoen pintxo dastatzea eta gaueko 23:00etatik aurrera Ezten Giro taldearen erromeriak osatuko dute eguneko egitaraua.
Martitzenean ospatuko den Santiago eguna, txistulariek, dantzariek eta agintariek 10:30ean egingo duten kalejirarekin hasiko da. San Miguel elizan emango da meza nagusia eta ondoren Santiago imajinaren prozesioa abiatuko da eta, apostoluari omenaldia eginez, Agintariena eta Gernikako Arbola dantzatuko dira. Jarraian, ezpata dantzarien saioa egongo da. Arratsaldean egongo den Erregelen erakustaldiaren ondoren kantu-poteo egingo dute.
Eguazteneko egitaraua txistulariek, dantzariek eta agintariek egingo duten ekitaldiarekin hasiko bada ere, eguneko meza Elizabarrin emango da. Ondoren, Santiago imajinaren prozesioa abiatuko da eta ezpata-dantzariek ekitaldia eskainiko dute plazan. Jarraian, gizonezkoen erregelak dantzatuko dira eta ondoren emakumezkoenak.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko den tortilla txapelketa arrakastatsuarekin eta 21:30ean Hobaneuke taldeak girotuko duen erromeriarekin osatuko dira eguneko ospakizunak.
Haurrentzako jolasak, mus txapelketa eta 18:30an hasiko den duatloi txikia egongo dira eguenean. Barikuan, Xabi Larrea antzezleak ‘Filamento farolaria’ ikuskizuna eskainiko du 21:00etan eta gauean erromeria egongo da Luhartz taldearekin.
Herritarrak bilduko dituen bazkaria izango da zapatuko ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 14.30an hasiko da otordua eta bertan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea astelehena orduko. Bazkalostean zein gauean DJ Bullek girotuko saioak egongo dira.
Asto proben bi saio
Eguerdian jokatuko den briska txapelketarekin abiatuko datorren domekako egitaraua. Arratsaldeko 18:00etan asto proben lehen erakustaldia egongo da, lehiakideak Iurretako Partiliku Elkartea, Leioako Landaluce eta Fikako Construcciones Torrontegui izango direla. Gaueko 22:00etan bertso saioa eskainiko dute Unai Iturriagak, Julio Sotok, Sustrai Colinak eta Jon Maiak eta gai-jartzailea Eneko Abasolo ‘Abarkas’ izango da. Lisker taldeak girotutako erromeriarekin osotuko dira eguneko ekitaldiak.
Martitzenean ospatzen den San Inazio egunean amaituko dira jaiak. Goizeko 11:00etan meza egongo da, jarraian herriko dantzariek agerraldia eskainiko dute eta Durangaldeko Igel Txapelketa lehiatuko da. Arratsaldeko 18:00etan asto proben bigarren erakustaldia hasiko da Berangoko Elordui, Maumeko Maiora eta Larrabetzuko Koldo Bidaurrazagaren partaidetzarekin.
Bakoitzak bere etxetik eramandakoarekin egingo den afari herrikoiarekin eta ondoren egingo den errifen zozketak emango diote amaiera aurtengo jaiei.