Aurreko bi asteburutan hainbat ekitaldi egin ondoren, eguenean hasiko dira ofizialki Iurretako San Migel jaiak. Dantzarien agerraldiak, bertsolariak, musika ekitaldiak, gazteen eta herritarren bazkariak edo Nekazaritza eta Artisautza Azokaz gain, Gorulari dantzaren 50. urteurrena ere nabarmenduko dira aurtengo egitarauan.
Ohikoa denez, San Migel bezperan emango diote hasiera ospakizunei, eguerdian Montoiko zubian egingo duten ekitaldiarekin. Ondoren, Aburrecalles txarangak eta Bizkaiko Gaiteroak lagundutako kalejira egingo dute. Ondoren jubilatuen eta gazteen bazkariak egongo dira.
Arratsaldeko 18:30ean ohiturazko Doniel-atxa altxatuko dute, dantzariek azken entsaioa egingo dute eta gaueko erromerian Altxa Porru taldeak joko du.
Dantzariak eta agintariak
Dantzariek eta agintariek Montoitik plazara 11:00etan egingo duten kalejirarekin hasiko dira San Migel eguneko ekitaldiak. Ondoren, Dantza saioa egongo da. Arratsaldean, abentura ekintzak izango dira Etxegon, eta 18:30ean Dantza saioa hasiko da, ekitaldian, Gorulari dantzaren 50. urteurrena ospatuko dutela.
Arratsaldeen zehar, Egundo I taldearen kantu saioa eta mariatxi talde batek kaskoak egingo duen kalejirarekin eta Askondon eskainiko duen ekitaldia egongo dira. Gaueko 22:00etatik aurrera, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi eta Miren Amuriza bertsolariek, Maite Berriozabalek asmatutako gaiak landuko dituzte, eta jaietako egun nagusia borobiltzeko Oxabi taldeak girotutako erromeria eta Party & Tiza Djaren saioak egongo dira.
Mozorro eguna
‘Hamarkadak’ gaia aukeratu dute zapatuan ospatuko den mozorro egunerako. Goizean zehar perkusio tailerra eta mozorroen kalejira egongo dira eta eguerdian bazkari herrikoia egongo da Askondoko karpan. Bazkalostean, bingo musikatua eta Zutik elektrotxarangaren saioekin disfrutatzeko aukera egongo da.
Gaueko 21:00etan hasiko den erromerian Luhartz taldeak joko du, eta 22:00etan Lekittoko Deabruak ‘Soms diables-deabruak gara’ ikuskizuna eskainiko dute. Ondoren, erromeriak jarraituko du eta amitzen denean Dj baten saioa egongo da.
10:00etatik 14:00etara Olaburun egingo den XXIII. Nekazaritza eta Artisautza Azokarekin abiatuko da domekako egitaraua. 11:00etan, kalejira egingo dute dantzariek eta agintariek Montoiko zubitik abiatuta eta jarraian Dantza saioa eskainiko dute. Ondoren Igel txapelketa jokatuko da.
Arratsaldean, Briska Txapelketa, Iurretako dantzariek eta talde gonbidatu batek eskainiko duten dantza ikuskizuna egongo dira eta jaietako errifaren zozketa egingo dute.
Gauean, herri afaria, Lorratz taldearekin erromeria eta ohiturazko bertsoak kantatuz emango diote amaiera aurtengo ospakizunei.