
Abadiñoko kale garbiketa zerbitzua azpikontratatzearen kontra azaldu da EH Bildu taldea, erabaki horrekin Udalak galdu egingo duelako “zerbitzua zuzenean kudeatzeko ahalmena” eta 35.000 eurotan garestituko litzatekeelako.
Oposizioko taldeak “azpikontratazioa murrizten joateko akordioa” sinatu zuela udaletxeko langileekin gogoratu dio Udal Gobernuari. Beraz, Independenteek eta EAJk hartu nahi duten erabakia hitzartutakoaren “aurkako norantzan doala” salatu dute.
Gainera, erabaki horrek ateak “entxufismoari” irekitzen dizkiola adierazi dute, “langileek ez dutelako lanpostua eskuratzen meritu irizpidez”. Ordezkapenak egiterako orduan berriz, “langileak ez dira lan poltsa publiko batetik” kontratatuko.
EH Bilduk egindako kritikak, Udalak zerbitzua azpikontratatzeko bigarren ahaleginaren ondoren etorri dira. Lehenengo deialdia abenduan egin zen baina esleipena hutsik gelditu zen aurkeztutako proposamena enpresentzat ekonomikoki erakargarria ez zela argudiatuz.
Martxoko osoko bilkuran talde independenteak eta EAJk plegu berriak onartu zituzten, enpresen eskaintza ekonomikei %10a igotzeko aukera emanez, esleipena eskuratu dezakeen enpresaren marjina ekonomikoa handitzea ahalbidetuz.
Horren ondorioz, Udalak “358.992 euro kostatu ahalko lukeen zerbitzu bategatik, enpresei 394.000 euro kobratzeko aukera” ematen diela salatu dute. Izan ere, kale garbiketa zerbitzua enpresa bati esleitzerakoan “merkatuaren eta enpresen interesen menpe jartzen da”.