
14 eta 23,3 kilometroko ibilbideak izango ditu aurten ere irailaren 23rako Iurretako Zaldai Mendi Taldeak antolatutako VIII. Mendi Martxak. Umeentzat aproposa den ibilbide laburrak 655 metroko gainbehera positiboa izango du eta mendian ibiltzen ohituta dauden mendizaleentzat prestatutako ibilbide luzeak 1350 metroko desnibela du.
Ibilbide laburra zein luzea Iurretako plazatik abiatuko dira goizeko 8:30ean, bertan eskainiko den gosaria hartu ostean. Partaide guztiek San Andres, Santa Lutzia eta Kalazka inguruak zeharkatuko dituzte eta ibilbide laburra aukeratzen dutenek Landaederra, Orozketa eta Santa Apolonia atzean utziko dituzte irteera puntura itzuli aurretik.
Ibilbide luzea egitea nahi dutenek Kalazkatik Mugarrikolandarantz joko dute eta hortik Artatzagane (996 metro), Leungane (1006 m.), Inungane eta Aizkorri (817 m.) tontorrak igoko dituzte, Marmoletik Landaederrarantz eta irteera puntura heldu aurretik.
Partehartzaileek hornidura solidoa eta likidoa izango dute bi puntutan: Ingunen eta Kaltzada eta Marmol arteako puntu baten: ibilbidean larrialdi-zerbitzuak egongo dira eta amaieran mokadua eta dutxatzeko aukera izango da.
Ibilaldian parte hartzeko beharrezkoa da izena aldez aurretik ematea. Irailaren 21a orduko www.kirolprobak.com web gunean apuntatzen direnak 10 euro ordaindu beharko dituzte eta izen-ematea egunean bertan egiten dutenek 12 euro ordainduko dituzte. 14 urte artekoek bost euro ordaindu beharko dituzte egunean bertan egin behar den izen-ematean.
Antolatzaileek kamiseta bana oparituko diete izena ematen duten guztiei eta inskripzioa irailaren 15a orduko egiten dutenei kamisetaren neurria bermatuko zaie.