
Donien-atxa altxatuta hasi zituzten atzo Abadiñoko Zelaietan Aitte Kurutzeko jaiak eta gaur kamisoi eta pijama eguna ospatuko dute. Biharko mozorro egunarako aukeratuko gaia Frantziako Tourra izango da.
Eguneko ekitaldiak, kamisoi eta pijamak jantzi ondoren, arratsaldeko 18:30ean jarraituko dute Gaztetxean ugasixo txapelketarekin. 20:00etan parrillada egingo da eta ordu erdi geroago erromeria hasiko da Lotxo taldearekin.
Umeen patata dantza egingo dute gaueko hamarretan eta ondoren txokolatea banatuko da. Gauerdian, helduek izango dira patata dantzaren protagonistak eta eguneko egitaraua goizaldeko ordu bietan egongo den kulero eta gantzontzilo lasterketarekin osatuko da.
Bihar arratsaldean acroyoga ikastaroa egongo da 17:30ean hasita eta ondoren ikuskizuna iragartzen dute antolatzaileek. 20:30ean hasiko den tortilla txapelketarekin osotuko dira eguneko ekitaldiak.
‘Le Tour de France!!’ gaia izango da etzi ospatuko den mozorro eguneko ardatza. Goizeko 11:00etan mozorrotutako bizikleta martxa girotua hasiko da eta eguerdian triki-poteoa egongo da. 14:30ean bakoitzak etxetik eramandakoarekin ‘maleta siku’ bazkaria egingo dute eta bazkalostean Joxeanek jarritako musika dantzagarriarekin emango diote amaiera aurtengo ospakizunei.