
Hitzez eta Ahotsez ekimenak aurtengo bigarren solasaldi dialogikoa burutuko du gaur arratsaldeko 19:00etan Durangoko Bizenta Mogel liburutegian. Seigarren edizioko gaia ‘Askatasuna’ dela eta, eragileek Karmele Jaio, Yolanda Arrieta, Angela Davis eta Paul Celan idazleen testuak aukeratu dituzte.
Ekitaldira gerturatzen diren literatura zaletuek bost pasarte aztertuko dituzte: Angela Davisen ‘Emakumeak, Arraza eta Klasea’ liburuko ‘Gorputza guda-zelai eta lukabi’ atala; Karmele Jaiok Berria egunkarian argitaratutako ‘Cry baby’ testua; Paul Celanen ‘Heriofuga ‘ poema; eta Yolanda Arrietaren ‘Balizko burutapena. Luis’ eta ‘Balizko burutapena. Teresa’ ipuinak.
Solasaldian parte hartzen dutenek testuetan atentzioa emandakoaren inguruko aipamenak jorratuko dituzte. “Berdin dio zein arrazoirengatik den: izan daiteke pertsonaiak ezagutzen duzun norbait gogoraraztea; izan daiteke gertatutakoa zeuk bizi izana; izan daiteke ahapaldi bat benetan ederra iruditzea… zeurea da aukera!”, literatura ekimenaren sustatzaileen esanetan.
Hitzez eta Ahotsez ekimena garatzen dutenekin harremanetan jartzeko hitzezetaahotsez@gmail.com posta elektronikoa zein Facebookeko Hitzez eta Ahotsez profila erabili daitezke.