Durangoko Andraguneko Euskarazko Irakurle Taldeak ikasturteko lehenengo hitzaldi-berriketaldi irekia egingo du gaur Kattalin Miner idazlearen partaidetzarekin. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da Lariz Torre kalean dagoen Andragunean.
Solasaldian egongo den Kattalin Miner idazle hernaniarrak, argitaratu duen ‘Nola heldu naiz ni honaino’ lehenengo liburuaren aurkezpena egingo du. Hitzaldiaren ostean, bertaratzen diren entzuleekin izango den berbaldia hasiko da.
Minerren liburuak noraezean dabilen emakume gazte baten nondik-norakoak jartzen ditu agerian. Bere bizitzarako jarritako hainbat helburu lortu ondoren, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da eta giltzarri diren familia, bikote ereduak, heteroaraua edo harreman batekin bilatzen dena jorratzen ditu.
Andraguneko Euskarazko Irakurle Taldeakazaroan hasi zituen aurtengo ikasturteko ekitaldiak, Leire Bilbao, Arrate Mardaras eta Kristina Mardaras sortzaileekin eta Eunate Zarrabeitia, Aitor Astigarraga eta Dana Moya musikariek eskainitako poesia musikatua emanaldiarekin.
Abenduan, talde horretan izena emandako partaideek ‘Koaderno Handia’ liburuari buruzko irakurketa-solasaldia egin zuten. Ekitaldi horretako obra, Eskarne Mujikak euskaratutako Agota Kristof idazlearen ‘Le Grand Cahier’ liburua izan zen.
Datorren otsailean, berriko taldeko kideek liburu baten inguruko irakurketa-solasaldia egingo dute eta martxoan Arantza Urretabizkaia izango da, berriro edonorentzat irekia izango den saio baten.