Mañariko Hontza Museoak ‘Katu basatiak’ eta ‘Espezia inbaditzaileak’ hizpide izango dituzten Udako tailerrak antolatu ditu datorren asterako. 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako ekimena izango da eta egitarau berdineko bi txanda antolatu dira; bata, uztailaren 3an eta 4an eta bestea, uztailaren 10ean eta 11n.
Lehen eguneko tailerretan, 3an eta 10ean hain zuzen, ‘Katu basatiak’ izango dira ardatz eta espezie hauek Museoan dagoen erakusketan aurkituko dituzte. 11:00etan tailerraren aurkezpena eta ‘Animaliak errenkadan’ ipuinaren kontaketa egingo dira.
Ondoren, parte hartzen dutenek ‘Katu basatiak’ bilatuko dituzte Museoko erakusketan barrena. Ekimen honen bidez, non bizi diren, zer jaten duten edo bere ohiturak ezagutzeko aukera izango da, baita zergatik diren elikadura-katean garrantzitsuak.
Bigarren eguneko tailerretan, 4koan eta 11koan alegia, ‘Indarra elkartasunean dago’ ipuin kontaketarekin hasiko da 11:00etan. Ordu erdi geroago ‘Espezie inbaditzaileak’ desberdintzeko tailerra hasiko da, zeintzuk diren ezagutzeko eta zergatik diren kaltegarriak jakiteko.
Egun guztietako ekitaldiak amaitzeko 12:30etatik aurrera Biodibertsitateko aniztasuna deskubritzeko helburua duten bisitaldiak egingo dira, Hontza Museoko aretoetan zehar.
Partaide bakoitzak 2 euro ordaindu beharko ditu egun bakoitzean. Informazio gehiagorako eta izena emateko, info@hontzamuseoa.eus helbidera idatzi edo 946 216 555 deitu daiteke.