Joseba Sarrionandia idazleak Habanan asmatutako kantuak Ines Osinagak musikatu zituen ‘Katuen kontuak’ sortzeko. Ikuskizun horren azken emanaldia eszenaratuko dute zapatuan, 22:00etan hasita, Plateruena kultur aterpean.
Ekitaldian parte hartuko dute, Sarrionandia eta Osinagarekin batera, Felipe Murillo musikaria, Yaima Orozco trobadorea, Garazi Egiguren eta Eneko Galdos dantzariak, Dana Moya musikaria eta Peru Magdalena idazleak.
Sarrionandiaren ahotik kantuak jaio zireneko kontestua entzun ostean kantuek beste dimentsio bat hartzen dute. ‘Katuen kontuak’ konplikatuak bezain interesgarriak dira. Osinagaren ahotik, trikitixa nahiz ukelelea soinean eta makinak lagun, gertutik eta modurik gordinenean entzuteak bizipen konpartitua borobiltzen du.
Sarrerak 10 eurotan eskuratu daitezke Durangoko Arte eta Historia Museoko txarteldegian eta Kutxabanken, edo egunean bertan Plateruenan, 21:00etatik aurrera.