Elorrioko Ferixa Nausikoek egitarau oparoarekin ekingo diote gaurtik aurrera errepikapen asteburuari. Eguneko protagonista nagusiak herriko jubilatuak izango badira ere, Ken Zazpi taldeak eskainiko duen kontzertua izango da eguneko hitzordu aipagarriena.
Eñaut Elorrieta kantari eta gitarra jolea buru duen taldearen kontzertua gaueko 23.30ean hasiko da herriko plazan, txosnen batzordeak antolatuta. Gernikako seikoteak emango duen kontzertua ‘Phoenicoperus’ lanaren aurezpen biraren baitan egon arren, taldearen beste disko batzuetako doinu ezagunak ere tartekatuko dituzte agerraldian.
Eguneko lehen hitzorduak Durangaldeko Bizidun Nagusien Elkarteak antolatutako Elorrio zirkularra ibilbidea, hildako jubilatuen omenezko meza eta eguerdian Aldatsekuan nagusiei eskainiko zaien kopaua izango dira. Arratsaldean berriz, Dúo Ciclón taldeak girotutako dantzaldia eta dantza lehiaketa egongo dira.
Arratsaldean eta gauean, Urarka zein Arriola kaleetan kokatutako haur parkeez gain eta Up Arte konpainiak Urarkan eskainiko duen zirko ikuskizunaz gain, hainbat kirol lehiaketa eta musika agerraldi izango dira.
Kiroldegian, areto futbol partiduak jokatuko dituzte Elorrioko Buskantza klubeko bi taldeek; bata Durangoko Sasikoaren kontra eta bestea Mondrarte taldearen aurka. San Rokeko errugbi zelaian berriz, lagunarteko partidua jokatuko du Elorrio taldeak.
Gauean, Ken Zazpiren agerraldiaz gain, ‘Si las mujeres mandasen’ zarzuela eszenaratuko da Arriola Antzokian; musika klasikoa eta umorea uztartzen dituen ‘Clásicos excéntricos’ ikuskizuna zein Maravilla Gypsy Banden saioak egongo dira Urarkan eta musika jartzaileen saioak egongo dira Gaztetxean. Txosnagunean, zumba saioa egongo da arratsaldean eta gauean Sound System: Euskal Dub Etxea eta gonbidatuak egongo dira.
Probalekuan LIII. idi proba txapelketako lehen saioa hasiko da gaueko 22:00etan. Lehiaketari hasiera emango dion ekitaldian Irune Lekerika, Laski, Txomin Renteria eta Patxi Irarretaren idi-pareak izango dira nor baino nor gehiago.
Txapelketa hau zapatuan eta astelehenean egongo diren bi saioekin osatuko da. Bihar, Iñaki Oliden, Biritixinaga, Alegria eta Belarretaren idi-pareak lehiatuko dira eta azken ekitaldian Kamiñoko, Lopiortu, Iñaki Lopategi eta Andrakas izango dira Eleizaldeko karrajuan.