
Elorrioko Arriola Antzokiak Hatortxu Rock 20 elkartasun jaialdia aurkezteko antolatu den birako kontzertua hartuko du bihar, arratsaldeko 20:00etan. Agerraldiko protagonistak Kepa Junkera trikitilaria eta Sorginak taldea izango dira eta eskainiko duten ekitaldian ‘Maletak’ diskoa aurkeztuko dute.
‘Maletak’ ikuskizuna aspaldiko ohituren bilketa bat da; sormen musikak munduko txoko ezberdinetako inspirazioak lagunduta eta ikusleen energiarekin batera sortua.
Ikus-entzunezko esperientzia honetan, Errekaldeko trikitilariak dantzan, kantan eta perkusioa jotzen duten Sorginak taldeko Amets Ormaetxea, Eneritz Aulestia, Alaitz Eskudero, Irati Gutierrez, Garazi Otaegi, Leire Etxezarreta, Irantzu Garamendi, Maddi Alberdi, Ane Gonzalez eta Olatz Alberdi artistak izango ditu lagun.
Hatortxu Rock jaialdia Lakuntzan burutuko da uztailaren 27tik 30ra bitartean eta ekimenaren helburua dispertsio politika salatzea eta euskal preso politikoei eta hauen senideei elkartasuna adieraztea da. Aurtengoak 20. edizioa beteko du eta lau egunetan burutuko den egitarauan 85 talde izango dira.