Elorrioko Herriko plazak sentsibilizazioari eta kirol egokituari eskainitako jardunaldia hartuko du datorren zapatuan, hilak 21, ‘Plaza Inklusiboa’ deituriko jardunaldian. Herritar guztiei zuzendutako ekimenak, kirol-modalitate desberdinetan aritzeko aukera emango du.
Kirol jardunbide inklusiboa eta egingarria eskaintzeko helburua duen hitzordua goizeko 10:30ean hasiko da eta 13:30ak arte luzatuko da.
Bertaratzen direnek, saskibaloia, gurpil-aulkiko hockeya eta slalom-a moduko kirol modalitate egokituetan parte hartzeko aukera izango dute. Gurpil-aulkientzako gune bat jarriko da ere, eta itsuentzako kirol-jardunbiderako beste bat. Gainera, eskuragarri izango dute behar duten informazio guztia.
‘Plaza Inklusiboa’ ekimenak, hilabete honetako lehen hamabostaldian aniztasun funtzionalari eta jarduera fisikoaren inguruan Herri Eskola, Txintxirri Ikastola eta Lourdesko Ama ikastetxeetan egiten ari diren sentsibilizazio saioekin bat egiten du.
Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailen arteko ikasleek, 17 saio egingo dituzte, eta horietan zuzenean ezagutzen ari dira kirol-jardunbide egokituen nondik norakoa.
Zapatuko ekimena plazan egiteko asmoa badute ere, eguraldi txarra izanez gero jardunaldia Kiroldegiko frontoian egingo da.
‘Plaza Inklusiboa’ zein gainontzeko jardunaldiak Elorrioko Udaleko Kirol Sailak antolatu ditu, Haszten elkartearekin, Caixabank-ekin eta ‘la Caixa’ Fundazioarekin elkarlanean.