Bi urteko etenaldiaren ondoren, martxan dira berriro Zornotzako Karmen eta Santanatxu jaiak zein bertan aritzen diren gazteen koadrilak. Aurten, gainera, “kriston gogoarekin gaude” eta horren adierazle da “inoiz baino talde gehiagok izena eman dutela challengerako: 31 guztira. Aurrekoan, 2019an, errekorra jarri genuen eta orduan baino 10 gehiago egongo dira”, koadrilen ordezkari lanetan dabilen Jon Castañedaren esanetan.
Aurten 470 gazte baino gehiago bildu dira, “gure eredua onartzen duten seinale”, eta joan den asteburuan altxorraren bila eta piragua jaitsiera egin ondoren, challengeko proba gehienak barikutik aurrera jokatuko dira.
“Jai gabe bi urte egon ondoren, jendea gogotsu dago parte hartzeko eta hori da politena. Lan asko egin dugu antolakuntzan gaudenok. Gainera, beteranoek batzordea utzi dute eta horrek belaunaldi-erreleboa eragin du. Baina koadrila berrietako kideen partaidetza ere beharrezkoa da”, Castañedak dionez.
Koadrilen arteko partaidetza eta challengea berrikuntzekin dator aurten, izan ere, parte-hartzea sustatzeko asmoarekin, txupinazoa jaurti aurretik poteoa egitera deitu zuten, “koadrila guztiak batera joateko jaien hasierako ekitaldira”.
Wipe Out
Santanatxu egunean jokatuko den challengearen azken proba izango da egitarauan tartekatuko duten beste berrikuntzetako bat. “Aurreko edizioetan gauza desberdinak egin dira lehiaketari amaiera emateko; norgehiagoka sorpresa, bi talde onenen arteko finala edo 2019an egin genuen kultur txapelketa. Aurten, berriz, puzgarriak erabiliko ditugu ‘Humor amarillo’ bezalako lehiaketa egiteko dugu, nahiz eta gure lehen asmoa ‘El conquis’ bezalako zerbait egitea zen”.
Aurretik, hainbat norgehiagoka eta hiru bazkari egingo dituzte herriko gazteek, tarteko zapatuko Marmitako lehiaketa arrakastatsua tarteko. “Hasieran, koadrilek eta gazteek egiten zuten bazkaria zen, baina gero herritar guztiei irekitzeko eskaria egin zen eta gaur egun ia herri osoak parte hartzen duen ekimena da”.
Koadrilen eguna
Bezperan ospatuko den Koadrilen Egunean, lehengo bazkaria izango dute. “Gazteon lehenengo egun handia barikuan izango dugu eta egun osoko egitaraua prestatu dugu. Eguerdian kalejira egingo dugu, gero bazkaria eta ostean Albina Stardust eta Yogurinha Borovak gidatutako bingo eta agerraldia egongo da”, azaldu du Castañedak. Arratsaldean, Sakatu elektrotxarangak girotuko du kalejira eta Supercremalleras eta Tremenda Jauria taldeen kontzertuek emango diete amaiera eguneko ekitaldiei.
Astelehenean eta martitzenean ere izango dira challengearen lehiaketak, herri kirolekin eta play backarekin. “31 koadrila izanda, play backean bakoitzari ematen diogun denbora laburtu beharko dugu, bestela egun osoa eman dezakegu eta”, azpimarratu du Castañedak, 26an koadrilek eskainiko duten ikuskizunari buruz.
Santanatxu eguna “gure bigarren egun indartsua izango da, Mozorro Eguna delako. Ospakizun hori 2018an berreskuratzea lortu genuen eta orduan arropa tradizionalak jantzita joan ginela, hurrengo urtean 80ko hamarkadako jantziekin mozorrotu ginen. Aurten, berriz, 2000ko hamarkadako janzkerarekin joango gara, sare sozialen bidez egin genuen bozketan aukera horrek irabazi zuelako. Egunean zehar, kalejira, bazkaria, Ganen egingo den Wipe Out challengeko azken froga, elektrotxaranga eta bestelako ekitaldiak izango dituzte.
Txosnagune berria
Txosnaren kokagune berria ez da gustukoa herriko gazte askorentzat, “nahiz eta taldeetan daudenak ados egon. Hala ere, uste dut gazteen gehiengoa ez dagoela ados erabaki horrekin, eta batez ere, ez gaude ados ordutegia murriztearekin, aurten txosnak goizaldeko 3:00etan itxi behar direlako”, Castañedaren esanetan.
Txosnagunea Zubiondo plazan eta Zelaieta parkean kokatzea, gainera “eszenatoki bat galtzeaz gain, espazio bat galtzea ere suposatzen du eta horrek arazo bat sortzen digu. Izan ere, Ixerren karpa bat genuen eta oso gustura geunden. Orain, euria eginez gero arazoa sortzen zaigu, bertan kontzertuak, bazkariak edo bestelako ekintzak egiteko aterpea genuelako”.