



Martxoaren 8arekin bat ospatu zen atzo Emakumeen Nazioarteko Eguna eta hori zela eta inoiz baino jardunaldi aldarrikatzaileena eta partaidetza handiena izan zen mundu osoan. Durangon ere erantzun historikoa jaso zuten Durangoko M8 asanbladak egindako deialdiek eta talde eragilearen ustetan “kolosala izan da” jasotako erantzuna.
Durangoko M8 asanbladaren esanetan “borroka feministak egun historikoa bizi izan zuen atzo” eta egunean zehar antolatutako mobilizazio desberdinak partaidetza arrakastatsua izan zuten. “Goizeko giza katean, 2000 emakumetik gora bildu ginen planto egiten dugula aldarrikatzeko, eta arratsaldeko manifestazioan ere, milaka herritar atera ziren kalera”, asanbladako kideen esanetan.
Datozen asteetan balorazio sakonagoa egingo badu Durangoko M8 asanbladak, bat-batean egindako hausnarketaren arabera “Durangok bizi izan duen manifestaziorik handiena izan zen atzokoa”, bertaratutako askoren hitzetan.
Mobilizazioek izan zuten erantzuna dela eta, “Durango zoriondu” nahi izan dute antolatzaileek, batez ere “bertaratu ziren herritarrak, grebarekin bat egin zuten komertzio eta tabernak, Durangaldeko hedabideak…”.
Hala ere, oraindik egiteko asko dagoela aitortzen dute, atzokoa “bidean pauso bat” besterik ez zelako izan. “Borroka feministak egunerokoa du bere lana eta bere horretan jarraituko dugu”, adierazi dute Durangoko M8 asanbladako kideek.
Zornotza, Elorrio eta Iurreta
Mobilizazio jendetsuak izan ziren ere eskualdeko hainbat herritan. Zornotzan ehunka pertsona bildu zen goizean egindako bi kontzentrazioetan, bata Udalak deitutakoa eta bestea Zornotzako Talde Feministak. Udalak deitutako elkarretaratzean alderdi guztiek onartutako adierazpen instituzionala irakurri zen. Talde Feministak arratsalderako deitutako kontzentrazioa ere jendetsua izan zen.
Elorrion ere jardunaldi arrakastatsua bizi izan zen goizean ‘Emakumeak planto!’ goiburupean egindako kontzentrazioaren ondoren ehunka emakume bildu zituen manifestazioan. Arratsaldean, ‘Gora Emakumeen Borroka!!’ goiburuarekin egindako elkarretaratze eta manifestazioa orain eta jendetsuagoa izan zen.
Iurretako herritar ugarik egin zuen bat Anderebidek luzatutako deialdiarekin eta Nazioarteko Emakumeen Egunaren aldarrikapenareki eusteko.