Elorrioko Erreka kaleko, plazako eta inguruetako hamar taberna eta Gaztetxeak, Erreka kaleko jaiak prestatu dituzte astebururako. Ohikoa denez, erromeria eta musika saioak nagusituko dira egitarauan.
Ospakizunak eguenean hasiko dira, arratsaldeko 19.00etatik aurrera egongo den pintxo-poteoarekin eta 21.00ak aldera egingo den otzararen zozketarekin.
Barikuko egitaraua Luhartz taldeak eskainiko dituen bi saioekin osatuko da; lehena arratsaldeko 19.30etatik gaueko 21.30era izango da eta bigarrena 23.00etatik goizaldeko 2.00etara.
Jaietako ekitaldi gehienak zapatuan izango dira eta arratsaldeko 17.30etan hasita Elorrioko Esku-pelota taldeak antolatutako pilota partidak jokatuko dira plazako frontoian. Arratsaldeko 19.30etan Elektrotxarangak girotutako poteoa hasiko da.
Gaueko kontzertu nagusia Herriko plazan izango da 22.30etatik aurrera eta eszenatokian Han talde elorriarra eta Revolta Permanent egongo dira. Aterpe taberna ondoko arkupean Dj J. J. Elepuntoren saioa egongo da 23.00etatik aurrera eta Ateneoan egonog den DJ gaua gauerdian hasiko da.
Erreka kaleko jaiak domekan amaituko dira, 10.00etatik 15.00etara egingo den 3R Azokarekin.