Iazko udaberrian ospatu behar zen baina Covid19aren izurriteagatik bertan behera gelditu zen 22. Korrika, aurtengo martxoaren 31tik apirilaren 10era burutuko da. Edizio berriaren aurkezpen ekitaldia Elorrioko Iturri Kultur Etxean egin da eta lasterketaren xehetasunez gain, propio egindako ‘Uhinak’ dokumentala ikusteko aukera egon da.
AEKren aldeko lasterketa martxoaren 31n hasiko da Amurrion eta apirilaren 10ean amaituko da Donostian, baina hasi eta berehala zeharkatuko du Durangaldea. Izan ere, apirilaren 1eko goizaldean eskualdea gurutzatuko du.
Aiaraldean abiatu ondoren, Korrika 22a Bizkaian sartuko da eta Basauri eta Galdakao zeharkatu eta gero, Zornotzara helduko goizaldeko 3:29an. Iurretan eta Durangon goizaldeko 5:00ak aldera egongo da eta ordu bete geroago Abadiñotik pasatuko da. 7:00ak baino zertxobait lehenago Atxondo eta Elorriotik igaroko da eta Berriz eta Zaldibarren egon ondoren, Mallabitik eta Ermutik aldenduko da eskualdetik, 8:30ak pasata.
Ondoren Gasteizko norabidea hartuko du Eibar, Bergara eta Arrasaten izan ondoren. Apirilaren 2an Iruñera helduko da; 4an Donibane Garazi eta Maule bisitatuko ditu eta apirilaren 6an Bilbora gerturatuko da. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeak bisitatu ondoren Baionara helduko da apirilaren 9an eta hurrengo egunean helmuga izango duen Donostian amaituko da.
Korrika Durangaldean-Ordutegia
Zornotza: 03:29
Iurreta: 04:44
Durango: 05:11
Abadiño: 06:00
Elorrio: 06:55
Berriz: 07:40
Zaldibar: 08:10
Mallabia: 08:36
Ermua: 8:59