Amurrion abiatu eta Donostian amaiera izango duen Korrika 22a, gaur hasi eta apirilaren 10ean bukatuko da. ‘Hitzekin’ goiburuarekin gauzatuko den ekitaldiak, hasi eta berehala zeharkatuko ditu Zornotza eta Durangaldea, bihar goizaldean egingo baitu eskualdeko bidea.
Korrika 22a Arabako Aiaraldean abiatuko da gaur bertan eta laster sartuko da Bizkaian, Basauri eta Galdakaotik. Lasterraldia bihar lehenengo orduetan izango da Zornotzan, goizaldeko 03:29ak aldera sartuko baita Kortederratik. Ondoren, Iurretan eta Durangon goizaldeko 05:00ak aldera egongo da eta ordu bete geroago Abadiñotik pasatuko da. 07:00ak baino zertxobait lehenago Atxondo eta Elorriotik igaroko da eta Berriz eta Zaldibarren egon ondoren, Mallabia eta Ermutik aldenduko da eskualdetik 08:30ak pasata
Zornotza eta zornotzarrak girotzeko asmoarekin, AEKk eta herriko eragileek ‘Kantu-poteoa’ prestatu dute eguen arratsalderako. Ekitaldia, lasterraldia hirigunera heldu baino ordu batzuk lehenago egingo dute, 19:00etan hasita, Eingo Taldearen partaidetzarekin.
Durangon aldiz, Korrika 22a igaro ondorengo ‘Gosari girotua’ egingo dute bihar, goizeko 6:00etan, Kurutziagan dagoen Napar txokoan.
Korrika Txikiak
Korrika 22ak Durangaldea goizaldean zeharkatuko duenez, ikasle gazteenek ez dute aukerarik izango bertan parte hartzeko. Hala ere, eskola-umeek parte hartu ahal izateko Korrika Txikiak antolatu dira han-hemenka.
Durangon eta Iurretan datorren asteko barikuan egingo dute Korrika Txikia, apirilaren 8an hain zuzen. Durangon, arratsaldeko 15:00etan hasiko da eta Iurretan berriz, goizeko 11:00etan.
Zornotzan ere egun horretan egingo dute batez ere ikasleak, gurasoak eta irakasleak bilduko dituen ekimena. Herriko eskolen lasterraldia Andramari ikastolan abiatuko da 10:30ean. Larrea eskola, Karmelo eta Karmengo Ama ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. zikloko 450 ikasle-irakasle bildu eta, Zelaietako frontoira joango dira guztiak ekitalditxoa egitera. Bertan, musikak, kantuak, dantzak, bertsoak eta ikasle gazteen aldarriek izango dute lekua, eguerdiko 12:30ak ingurura arte.
Elorrion bihar, apirilak 1, egingo dute Korrika Txikia, 14:30ean herriko plazatik hasita. 15:00etatik 17:00etara disko txiki dantza festa egingo da plazan eta 19:00etatik aurrera Fanfarrixo taldea ibiliko da herriko kaleak girotzen.
Zaldibarren eta Berrizen ere bihar egingo dute gaztetxoen lasterraldia; Zaldibarren goizeko 10:00etan, eta Berrizen arratsaldeko 15:00etan egingo den korrikaldiaren ostean ‘Diskorrika festa’ egingo dute Olakueta plazan 18:30ean hasita.