Bihar Iruñean amaituko den 20. Korrikak Durangaldea zeharkatu zuen atzo arratsaldean, Zornotzan hasi eta Ermuraino. Euskararen erabilera indartu eta, bide batez, AEKri sostengua eman nahi dion ekimenak, ehunka euskaltzaleren laguntza eta partaidetza jaso zuen eskualdeko herri guztietan.
Zornotzan hasi eta Iurretan, Abadiñon, Atxondon, Elorrion, Berrizen, Zaldibarren, Mallabian edo Ermuan bildutako jendetzak, Korrikaren aurtengo goiburuaren aldaketa eskatzen duelaren itxura hartu zuen; zapatilak jantzi eta bizpahiru kilometro arineketan egin zituztenak ‘Batzuk’ baino askoz be gehiago izan zirelako.
Eskualdeko herritarrek, gainera, dena izan zuten alde korrika egin eta Korrikan parte hartzeko: eguna, ordua eta, batez be, eguraldia. Eskualdean sartu zenetik Gipuzkoara heldu zen arte lasterralditxo bat egiteko tenperatura hobe ezina eta giro ederra nagusi izan ziren.
Edizio honetan ere, izaera desberdinetako dozenaka talde izan ziren lekukoa eskuz esku eraman zutenak. Izandako arrakastaren erakuslea da, kilometro osoa egin ordez, testigua eraman zutenak 200, 300 edo 500 metro egin zituztela.