Durangaldeko Sare herritarrak kotxe karabana antolatu du biharko ‘Prest gaude’ ekimenaren baitan. Mobilizazio horrekin hurrengo zapatuan, urtarrilaren 13an, Bilbon egongo den manifestazio nazionalerako gonbitea egin nahi dute.
‘Elkarrekin aurrera egiteko Prest Gaude’ goiburupean Bilbon egingo den manifestaziorako gonbidapena egiteko asmoa duen kotxe karabanak, Durangaldea zeharkatuko du. Irteera goizeko 11:00etan izango da Abadiñoko Txanporta plazan eta ondoren Atxondo, Elorrio, Berriz, Zaldibar eta Iurreta zeharkatuko dituzte parte hartzaileek. Mobilizazioaren amaiera Durangon izango da 13:00etan eta Ezkurdi plazara gerturatzen diren pertsonek ‘Donok Bilbora’ argazki erraldoia aterako dute.
Giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzeko helburuarekin Bilbon egingo den manifestazio nazionala berriz, gaur zortzi izango da, arratsaldeko 17:30ean, La Casillatik abiatuta.